Paskual Aldabe konpositore zena omenduko du Giltzarri Abesbatzak larunbatean Arantzan

Ttipi-Ttapa 2013ko aza. 7a, 11:03
Pablo Aldabek ekarpen haundia egin zion musika munduari.

Konpositore lesakarra martxoan hil zen 88 urterekin

Paskual Aldabe lesakarra joan den martxoan hil zen 88 urte zituela. Ibilbide luzea egin zuen musikari lotuta, eta bertzeak bertze, Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioko zuzendaria izan zen. Bera gogoan, kontzertua eskainiko du Giltzarri abesbatzak larunbat honetan Arantzako Elizan. 20:00etan hasiko da saioa.

Ibilbide luzea egin zuen Paskual Aldabek musikaren munduan eta berari omenaldia eskaintzeko asmoz, kontzertua emanen du Giltzarri abesbatzak larunbat honetan Arantzako Elizan. 20:00etan hasiko da saioa.

Aldabe 1924an sortu zen Lesakan, eta gaztea zela, hemeretzi urtez Parisen egon zen bere musika ikasketak hobetzeko. Konposizioa, orkestrazioa, pianoa eta orkestren zuzendaritza ikasi zituen. Atzerrian ere hainbat kontzertu eskaini zituen, tartean, Parisen, Londresen eta Madrilen. Abesbatzen zuzendaria ere izan zen, eta hainbat eskoletan Musikaren Historia ere erakutsi zuen.

Kanpoan aunitz ibili ondotik, 1973an Iruñera itzuli zen Pablo Sarasate Kontserbatorioko zuzendari izateko. Hamar urtez aritu zen egiteko horretan eta abesbatzaren eta Ganbara orkestraren zuzendaria ere izan zen.

Bere sorkuntza lana ere aipatzekoa da eta horien artean hauek daude: Miguel de Unamunoren hitzekin egindako El Cristo Iberico; Juan de Alzate eta La Dama de Urtubia Pio Barojak idatzitako izen bereko kondairetan oinarrituak, eta Akelarre ballet burleskoa osatzen dutenak. Vicente Aleixandre Nobel sariak idatzitako olerkietan oinarritutako Los Invencibles abesti zikloa, Nerabe Sorta hari-instrumentuzko orkestarako suite-a. Lope de Vega, García Lorca, Pedro Salinas, Jorge Guillen eta bertze batzuk idatzitako testuen gaineko hainbat lan piano eta kanturako ere egokitu zituen. Aita Donostiaren bildumarekin ere lan haundia egin zuen.

Aldabe aurtengo martxoan hil zen Donostian, 88 urte zituela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun