N-121-A errepideko arriskua murrizteko neurriak eskatu dituzte

TTIPI-TTAPA 2013ko urr. 3a, 14:03
Puntu beltzetan neurriak lehenbailehen hartzea eskatu zuten Igantziko Herriko Etxean. AItor AROTZENA

Bilera eskatu diote Sustapen kontseilariari eta «konpromiso zehatzak ekar ditzala»

N-121-A errepidean azken heriotza irailaren 17an gertatu zen. Saioa Telletxea Zubeldia, 23 urteko igantziarra hil zen, bere autoak kamioi baten kontra jo ondotik. Irailaren 20an, Baztan-Bidasoaldeko zenbait alkate, zinego­tzi, gizarte eragile eta lagun bildu ziren Igan­tziko Herriko Etxean, erre­pide honek duen arris­kuaz ohartarazi eta neurriak hartzea eskatuz.
 
Saioa Telletxearen senide eta lagunei doluminak adierazi ondotik, Nafarroako Gobernuari «hasi dadila urgentzia osoz dauzkagun puntu beltzetan neurriak hartzen» eskatu zioten eta Sustapen kontseilariari «bertaratu dadila bilera bat egiteko eta horretara ekar ditza­la konpromiso zehatzak». Modu berean, arriskuak ekiditeko ga­rraio publikoa indartzea eskatu zioten Gobernuari eta «geroz eta handiagoa den ibilgailu astunen garraioak sortzen dituen arazoen aitzinean, produkzio eta kon­tsumo ereduaren aldaketaren alde egitea, honek beronek ekarriko baitu garraio sistema jasangarriago bat». N-121-A errepidea erabiltzen duten herrita­rrei arretaz eta arduraz jokatzeko deia ere egin zieten.
 
ABIADURA ETA PUNTU BELTZAK
Errepideko istripu hauek hainbat faktorek eragin dituztela aipatu zuten bilkuran, baina abiadura eta puntu bel­tzak azpimarratu zituzten. Abiadurari dagokionez, hilabete eskas batean egindako abiadura kontrolatzeko kanpaina batean 154 kamioi multatu zituztela gogorarazi zuten eta «gaur egun berdin-berdin ja­rraitzen du arazo honek».
 
Puntu beltzei dagokienez, «Sunbillako bi bidegurutzeak (2009an proiektua egina eta Nafarroako Gobernuak oraindik ez du ezer egin), Berako sarrera-irteerak, Berako zentralaren kurba eta toki berean dagoen Lesakako irteera, Lamiarri tunelaren ingu­rua, Montoiako kurba, Belatetik beheiti Almandozko parean…» aipatu zituzten. Belateko tunelak ere lauetatik hirutan itxita egoten direla eta Beran hainbat egunez  «gure buru gainean izugarrizko harri kozkorra zintzilik zegoela» gogoratu zuten.
 
Errepidearen egoerari dagokionean, istripu egunean berean, Nafarroako Gobernuak erre­bisioa egin behar diotela aipatu zuen. 2005­ean 14 pertsona hil ziren erre­pide honetan eta 2006tik honat hainbat hildako izan direla aipatu zuten, Sunbillan, Mugairin, Donezteben, Lesakan, Beran eta azkena Irungo dermioan, nahiz eta karretera Nafarroakoa izan 2024 urtera arte.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun