Herri bazkari arrakastatsuarekin bukatu ziren Berako Sanestebanak

Aitor AROTZENA 2009ko abu. 7a, 13:23
Erretzaile koadrilak punttu-punttuan erre zituen 18 bildotsak, herri bazkarira hurbildutako 300 lagunak asetzeko moduan. Musika egarria Izadi txarangak ase zuen, besta guzietan bezalaxe. TTIPI TTAPA

300 lagun bildu ziren bazkaltzera eta 35 boluntarioen lanari esker gauzatu ahal izan zen

Kultur Batzordetik egindako laguntza deialdiari zortzi lagunek bertzerik erantzun ez bazieten ere, azkenean 35 bat boluntariok lagundu zuten ortzegunean Berako bestetako herri bazkaria arrakastatsua izan zedin. Mahaiak paratu, serbitu eta biltzeaz arduratu ziren laguntzaileez gain, azken zortzi urteetan bildotsa erretzea bere gain hartu duen kuadrillak ere ez zuen hutsik egin. Goizeko 8etarako sua piztu eta bazkaltzeko tenorerako punttu-punttuan egin zituen 18 bildotsak. Zalain-Zokoko Errotaldeako Gregorio Garbisuk aipatu zigunez, “14 bertako arrazako bildotsak ziren, eta 4 Salamankakoak”. Bertakak berak haziak ziren, “Gardelsoron bazkatuak, Lesakatik itsasoa ikusten den baserri bakarrean”. Berekin batera Susperregi aita-semeak, Txus Unsion, Joakintxo Iantzi, Txumari Goia, Iñaki Ugartemendia, Vazquez eta Igor Lasaga aritu ziren lanean.

300 lagun bazkaltzen

Hauek sua zaindu eta haragia mozteko prestatzen ziren bitartean, frontoian lehenbiziko platera dastatzen ari ziren bazkaltzera bildutako 300 lagunak. Izadi txarangak lanean segitzen zuen, besta guzietan bezala, bazkaria eta bazkalondoa alaitzen.

Azken ekitaldiak

Arratsaldean kukaña izan zen eta Swing da Bahia taldeak kalejira egin zuen Illekuetatik Mukixu zubira. Larraindantzak eta suzko zezenak bidea ireki zioten Jalisko Band taldeari, Santestebanetako azken dantzaldiraklo. Kaxerna Gaztetxetik egindako jautsierarekin eta Gizajoa Nirekin akautu ziren Sanestebanak, nahiz eta batzuk, goizaldera arte segitu bestarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun