«Txapelketa Nagusiari begira txapelak indarra emanen didala uste dut»

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 30a, 10:18
Xabier SILVEIRA Nafarroako bertsolari txapelduna TTIPI TTAPA

• Nafarroako Bertsolari Txapelketan historia eginez, bere seigarren txapela jauntzi du Xabier Silveira lesakarrak.

• Elizondoko Lur dantzalekua goraino beteta zegoela eskuratu zuen txapela Silveirak martxoaren 21eko finalean, buruz-burukoan Julio Sotori ozta-ozta irabazita.

• Txapela jantzi eta berehala publikora bota zuen, baina aitzinetik, Porttu, Mattin, Ittur eta Sanseri eskaini zien, azken urtean preso hartu dituzten lau lesakarrei.

Zure seigarren txapela. Kontent?

Bai, eta egia erran, uste baino poz haundiagoa eman dit. Agian ez nuela irabaziko mentalizatzen saiatu nintzen aitzinetik, txapela janzteko aukera gehiago zeudelako. Baina aldi berean, ongi kantatuz gero, bertzeek irabaztea zaila izanen zutela uste nuen.

Julio Soto eta biek zineten faborito. Zure mesederako izan al zen?

Faboritoa ni bakarrik ez izatea mesederako izan zen. Faboritoaren presioa banatua zegoen, txapeldun izateko aukera genuen denok buruan. Baina zenbat eta urte gehiago, orduan eta eramangarriagoa da presioa. Horretan esperientzia badut eta uste dut baliatu nuela.

Nola ikusi zenuen finala?

Maila haundiko finala izan zela uste dut. Ez dakit, batzuek erran duten bezala, Nafarroaren historiako hoberena izan ote zen, baina maila haundikoa izan zen. Pozgarria da euskarak hainbertze traba dituen lurralde batean euskaraz egiten den zerbait aitzinera doala ikustea. Gainera, inoiz baino bertsozale gehiago bildu zen eta gogotsu gainera. Horrek bertsolarioi aunitz lagundu zigun.

Finaleko momentu bereziren bat baduzu gogoan?

Zortziko ttikian kantatu nituen hiru bertsoek iraun zuten tartean, %100ean ni sentitu nintzen, bertsolari. Nire bertsorik hoberena agian hamarreko ttikian bota nuen lehenbizikoa izan zen, diruaren gainetik osasuna dagoela erran nuenean. Baina lan orokorra, uste dut zortziko ttikikoa izan zela hoberena.

Zu zerone zer moduz ikusi zinen?
Ongi, nahiko lasai egon nintzen. Nahiko terapia egin nuen nire buruarekin lasai egon eta presiorik ez edukitzeko. Banekien burua hotz mantenduz gero, lan ona egiteko aukera izanen nuela.

Baina «Julio kabroiak» urduri jarri zintuela kantatu zenuen…
Bukaera aldera gero eta estuago ikusi nintzen. Soto desenpatera ailegatuko ote zen zalantza nuen, eta erran zutenean pixka bat gehiago apuratu nintzen.

Garrantzitsuena ez zela txapela errana zenuen, baina gustura hartu zenuen, nahiz eta gero publikora bota.
Beti hartzen da gustura. Ez da inportanteena buruan eta bihotzean bertze gauzak ditudalako. Ez dakit Nafarroako bertsolaritzarentzat hagitz ona izan den nik berriz irabaztea baina Euskal Herriko Txapelketari begira nahiko animo eta indar emanen dizkidala uste dut.

18 urte bertsotan eta sei txapel. Zer eman dizu bertsolaritzak?
Aunitz, daukadan bizitza. Nire bizitza gehiena bertsolaritzari lotua dago. Bertsolari ez banintz bertze bizimodu bat edukiko nuke, eta hori lapurtu dit, baina eman didan guztiarekin ezin naiz kexatu.

Eta orain Euskal Herriko Txapelketa Nagusia...
Urrian hasiko da eta oraindik aunitz falta da. Ez da sobera ona urte erdi bat txapelketan pentsatzen egotea, bertzela bi orduz dena izorra daiteke. Hemendik urria bitarte ahalik eta hobekien kantatu beharko nuke, nahiz eta horrek bertzelako saio gehiago egin beharko ditudala erran: jaialdi gehiago, afari guttiago…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun