655.000 euroko mailegua eskatu du Udalak igerilekuko lanak ordaintzeko

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 2a, 11:58

EAk eta Oninek alde bozkatu zuten eta PNVk kontra, aurrekontu-zorroztasunik ez dagoelako»

Udal igerileku estalia ireki zenetik urtea bete den honetan, Udalak 655.000 euroko mailegua eskatu behar du Euskadiko Kutxan, lanen 25. egiaztatzea ordaintzeko. Honela onartu zen ilbeltzaren 23ko ez ohiko batzarrean, EA eta Onineko zinegotzien aldeko botuarekin eta PNVren kontrakoekin. Udalak 20 urteko epea izanen du kreditua itzultzeko. Bere kontrako botua azaltzerakoan, PNVk bere haserrea adierazi nahi izan zuen, «legealdi honetan gastu batzuk inolako aurrekontu-zorroztasunik gabe egiten direlako». Igerilekuko obran bertan gastuak izugarri igo direla azpimarratu nahi izan zuten, proiektuan agertzen ez ziren lanak egiteagatik, «diru-sarrerarik aurreikusi gabe eta udaleko osoko bilkuran eztabaidatu eta onartu gabe». Igerilekuko ostatu-jatetxea ustiatzeko moduarekin ere ez dago ados PNV: «Ustiatzeari uzteagatik 18.000 euro inguruko kalte-ordainak pagatu eta gero, ikusten dugu kalte-ordaina jaso zuen pertsona berak ustiatzen segitzen duela, tartean lehiaketa edo kontraturik egin gabe eta, gainera, Udalari deus ere ordaindu gabe».

Egoera ekonomikoa «aurreko herentzia»

Oningo Fermin Altzugarairi gehiegizkoa iruditu zitzaion udalaren egungo egoera ekonomikoa, «gaurko gobernu taldeari leporatzea» eta argumentazio horiekin segituz gero, «aurreko urteetako herentzia dela» ere erran daitekeela uste zuen. Horren adibidetzat jarri zuen 2001 eta 2006 urteen artean, PNV alkatetzan zela eta «inolako ladrillorik jarri gabe» 512.488 euro gastatu zirela Kultur Etxe eta Liburutegi proiektuen erredakzioan.

Koldo Erkizia alkatearentzat ere «sinesgaitza» da egoera ekonomikoaren arduradun egungo udal taldea egitea eta bertze hainbat konturen artean, kiroldegiko obretan, 1.132.807 euro prezio kontradiktorioetan gastatu direla aipatu zuen.

Deñe Abuinek aipatu zuenez, «piszinaren ostatuaren kontratazioa ez dago Udalaren gain, Urdik eramaten du, gainera PNVk erranda». Lesakako Osasun Zentroak antolatuta Ezintasunari buruzko III. Jardunaldiak eginen dira martxoaren 11n, 17:30etik 20:00etara, Antoiu 27ko udal aretoan. Prematuritatea edo helduarrekotasuna izanen da hizpide nagusia eta horretaz gain, atentzio goiztiarraz eta ezintasunaz ariko dira Nafarroako Gobernuko atentzio goiztiarreko taldekoak eta Jendarte Zerbitzuetako, Toki-Ona institutuko, ANFASeko eta ASPACEko ordezkariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun