Bortzirietako enpresetan egin gogo diren euskara planek ez dute harrera beroegirik izan

Goizalde URDANPILLETA 2008ko aza. 6a, 14:18
Lan Munduko batzordeak onartu du enpresen erantzuna ez dela batere beroa izan. TTIPI TTAPA

Orain arte egindakoaren balorazioa eta hurrengo urratsen berri eman dute prentsaurrean

Asteartean, azaroaren 4an, Lesakako Kasinon Euskara Mankomunitateko ordezkarien eta enpresetako arduradunen arteko bileren balorazioa egin eta hurrengo urratsen berri eman dute prentsa agerraldi baten bidez. Ekitaldian Urko Ikardo, Bortzirietako euskara teknikariak, Koldo Saenz, Lan Munduko Batzordeko kideak eta Ainara Maia, Koldo Erkizia eta Ramontxo Elgorriaga Bortzirietako Euskara Mankomunitateko ordezkariek parte hartu dute. Baina hauen gibeleko aldean eskualdeko enpresetako langileen ordezkariak izan dituzte, gaiak hala eskatzen bai zuen. Dena den, hitza soilik Urko Ikardok, Koldo Saenzek eta Ainara Maiak hartu dute.

Arcelor eta Zalainek bakarrik erantzun diote bilera deiari

Urko Ikardo hasi da solasean eta bertaratutakoak aurkeztu ondotik, Bortzirietako enpresetan euskararen erabilera areagotzeko azken hilabeteotan egin dutena eta hemendik aitzinera eginen dutena azaldu du: “Arcelorri, Zalaini, Martikori, Saverari eta Lorpeni biltzeko eskaera egin zien mankomunitateak. Arcelorren eta Zalainen bilerak izan ziren, gainerakoetan ez. Mankomunitateak, Lan Munduko Batzordearen eskariz, bigarren saiakera bat egin du eta biltzeko eskaera egin die berriz ere Martikori, Saverari eta Lorpeni. Horiez gain, Zelaietari ere egin dio bilera eskaera”. Euskara mankomunitateak erantzukizunez jokatzeko eskatu die enpresetako arduradunei; euskararen aldeko neurriak hartzea enpresaren, euskararen eta bortziritarren onerako izanen dela, eta horretarako mankomunitatearen babes osoa eta aholkularitza izanen dutela.

Euskararen sustapena aztertzeko prestutasun falta

Ondotik, Koldo Saenz mintzatu da eta Lan Munduko Batzordearen balorazioa egin eta aitzinera begira emanen dituzten pausuen berri eman du. Orain arteko ahaleginek ez dutela aparteko emaitzarik ekarri onartu du. Arcelorren eta Zalainen “Enpresek ez zuten borondate argirik agertu, are gutxiago konpromiso zehatzik hartu. Nahikoa egiten dela iradoki zuten, nahiz eta euskararen erabilera areagotzeko premia eta eskaera begi bistakoak diren”. Gainerako hiru enpresetan ez zen bilerarik egin, eta mankomunitateak erran asmo ziena aditu gabe gelditu ziren. Lan Munduko Batzordeak tamalgarritzat jotzen du euskararen sustapenaren gaia aztertzeko prestutasun falta. Guztiz ez-ohikoa da erakundeen arteko harremanean bilera eskaera ofizial bati uko egitea.

Enpresek mankomunitatearen lana ezagutzeko baliagarria

Azkenik, Euskara Mankomunitateko ordezkarien balorazioa egin du Ainara Maiak. Enpresei erantzukizunez jokatzeko deia egin nahi diete euskararen sustapena gai garrantzitsua baita. “Orain arte egindako bilerek, balio izan dute bederen, enpresek mankomunitatearen lana ezagutu dezaten. Hemendik aitzinera harreman horretan sakontzea da gure nahia”. Batzuen borondate eza eta besteen gogoaren hausnarketarekin agurtu dute gaurko prentsa agerraldia bertaratutakoek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun