Ume sortuberriekin euskara erabiltzeko liburuxka kaleratu dute

TTIPI TTAPA 2008ko api. 28a, 12:57
TTIPI TTAPA

Nafarroako udaletako euskara zerbitzuen ekimena da

Duzun onena. Halaxe du izena ume sortuberrien familiendako Nafarroako udaletako euskara zerbitzuek kaleratu berri duten liburuxkak. Familia umearen babeslekua eta umearen lehen ikastetxea dela iritzita, eta «gurasoen zeregina haurrak hazten laguntzea delako» hizkuntzei familian eman beharreko tratamenduaz hainbat gomendio proposatu dituzte argitalpenean. Familia euskaldunentzat eta erdaldunentzat egokia den produktu bezala aurkeztu dute, jarraibideak euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez idatzirik baitaude. Nafarroako Euskararen Institutuaren laguntza izan du egitasmoak.
Urteak dira euskara zerbitzuek ume sortuberrien familiekin harremana dutela. Alta, material berri hau zaharra ordezkatzera dator eta opari batekin bidaliko zaie familiei, liburua edo lerdezapiarekin, hain zuzen. Horrez gain, eranskailu bat ere igorriko da Haurrak hitza daramana.
Aipatu, bertzalde, haurrek urtebete dutenean, Kontu txikiak izeneko materiala ematen zaiela, euskarazko jolas eta kantak dituzten liburu eta CD bana, alegia.

Liburuaren atalak

Gidaliburuak hainbat atal dauzka. Lehenengoan, familia hizkuntzak ikasteko ezinbertzeko tresna dela nabarmendu dute; bigarrenean, euskara ikasteko baldintza egokienak jaso dituzte, gurasoa euskalduna edo erdalduna bada ere; argibideak hiztegi ilustratu batekin osatu dituzte, haur hizkeran gehien agertzen diren hitzekin.
Hutsegiteak saiheste aldera, hizkuntza eredu zuzena zein den ere ageri da liburuan. Jolas erraz batzuk ere proposatu dira, euskara erraz erabiltzeko. Ikus-entzunezko bibliografia ere badago gehiago jakin nahi dutenentzat, sehaska kanta, haur musika, jolas, ipuin eta haur hizkerarekin.
Ekimenean parte hartu duten Nafarroako udal eta euskara mankomunitateen artean daude, Baztango Udala, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Malerrekako Mankomunitatea eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea. 2.400 ale kaleratu dituzte familiei bidaltzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun