Fernando Trueba langilea gose greban egon da Zalaingo lantegian

TTIPI TTAPA 2008ko urt. 8a, 14:07

Herriko Plataformak lantegi aitzinean egin duen konzentrazioetako bat. beheitian, Fernando Trueba, anbulantziara sartu eta lantegitik atera zutenean. TTIPI TTAPA

Abenduaren 2an hasi zuen ekimena eta 13an anbulatzian atera zuten

Aceraliak Zalainen duen lantegiko Fernando Trueba langilea abenduaren 2an sindikatuen bulegoan sartu eta gose-greban hasi zen. Erabaki larri eta gogor hau prozesu luze baten ondorioa izan da, langile honen alde sortu den herriko plataformaren erranetan: «Gatazka, enpresako kargoduna den Jose Caballerok izandako jokaeraren ondorioz sortu zen». Fernando Truebak hainbat urte eman ditu osasun arazoekin eta azkenean lanpostuz aldatzea lortu zuen. Plataformaren arabera, «abuztu bukaeran Caballerok bertze lan motak egitea agindu zion Fernandori. Langileak ezetza eman zion bere osasunerako ondorio kaltegarriak eta lanpostutik aparteko lanak zirelakoz. Segidan Caballerok salaketa jarri zion enpresako zuzendaritzan, eta ondorioz, zazpi eguneko zigorra ezarri zioten langileari, lan eta soldatarik gabe». Fernando Truebak lantegian sartzea eta mugagabeko gose-greban hastea erabaki zuen, zigorra kentzea eta espedienterik ez idekitzea aldarrikatuz.

Gose-grebarekin batera, herriko plataforma sortu zen, komunikabideetan arazo honen berri emateko, bizilagun eta langileen elkartasuna lortu asmoz karrikan informazioa emateko eta egunero bildu, balorazioa egin eta hurrengo ekimenak antolatzeko. Honela, abenduaren 5ean Donezteben konzentrazioa egin zuten, “Langileen eskubideen alde, lan erasorik ez” lemapean. Abenduaren 8an lantegiko atarian, langileei egoeraren berri eman zitzaien pankarta baten bidez eta abenduaren 11n “Eltze-zarata” antolatu zuten lantegi atarian.

Abenduaren 13an medikuarengana joan zen Fernando Trueba bere egoera fisikoa baloratzeko. Txostenean lan egiteko gauza ez zela jakinarazi zuen medikuak eta Fernandok bere gose-greban segitu zuen. Pertsonal-buruzagiak anbulantzia batean ospitalera bidaltzeko erabakia hartu zuen, nahiz eta fisikoki behar ez izan. Plataformaren ustez, «argi dago gainetik kentzeko modu bat izan dela langilearen erabakiaren kontra eginez. Beraz, aitzakia honekin lantegitik ateri arazi egin dute langilea».

Egoera honen aitzinean, herriko plataformak enpresaren, langileen eta sindikatuen jarrera salatu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun