Ludotekan izen emateko epea ireki dute berriz ere Bortzirietan

Goizalde URDANPILLETA 2007ko abe. 10a, 12:31
Heldu den urteko lehen hiruhilekoan ludotekan parte hartzeko aste honetan eman behar da izena. TTIPI TTAPA

Bigarren hiruhilekoan, urtarrilaren 8tik martxoaren 18ra izanen da

Joan den irailean Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak ludoteka proiektua martxan jarri zuten, haurrek beren denbora librean kulturarekin eta harreman afektiboekin jostatzen eta gozatzen ikasteko gune izateko helburuarekin, eta, balore solidarioak praktikan jartzeaz gainera, errespetuaren eta elkar laguntzaren garrantziaz gogoeta egiteko helburuarekin. Bidenabar, zerbitzu honen bitartez, gurasoei aukera bat eman nahi zieten seme-alaben heziketa bateratu ahal izateko gurasoen euren lanarekin edota denbora librearekin.

Herri guztietan eskaini zen, 3 eta 8 urte bitarteko haur guztiei. Hasiera batean abendura bitarteko egitasmoa zen, baina Eguberrietako oporrak pasatu bezain laster, urtarrilaren 8tik aitzinera, ludotekak martxan izanen dira berriz. Urritik honat bertan parte hartu duten neska-mutikoez gain, interesa eta gogoa izaten ahal duten bertze guztiek ere izen ematen ahal dute, betiere arestian errandako adin muga kontuan hartuta.

Horretarako beharrezkoa da aitzinetik izen ematea, abenduaren 10etik 14ra bitartean, telefono hauetara deituta: 948635036 edo 662251848. Izen ematea e-postaz ere egin daiteke: bortziri_berdintasuna@yahoo.es

Urtarrilaren 8tik martxoaren 18ra

Erran bezala, urtarrilaren 8an hasiko da berriz, eta martxoaren 18ra bitartean eskainiko da, honako toki, egun eta orduetan: Igantzin, astelehenetan 16:00etatik 17:30 arte, eta asteazkenetan 14:00etatik 16:00ak arte. Lesakan, astelehenetan 16:30etik 18:00ak arte, eta asteazkenetan 14:30etik 16:00ak arte. Arantzan, astearte eta ortziraletan, 16:00etatik 17:30 arte. Etxalarren, asteazkenetan 16:15etik 17:45 arte, eta ortzegunetan 16:00etatik 17:30 arte.

Ludotekaren zerbitzua emateko mankomunitateek Dindaia Fundazioa kontratatu dute, eta bertako hezitzaile adituak arituko dira haurrekin lanean, azken hiru hilabeteotan bezala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun