Onin udal taldeak alkatetzarako EA-ri botoa eman izanaren arrazoiak agertzen ditu

Goizalde URDANPILLETA 2007ko eka. 28a, 12:27

EAE taldearekin elkarrizketak izan zituztela onartu zuten

Lesakako Onin udal taldeak bere jarrera agertu nahi izan zuen asteazkenean eman zuen prentsaurreko baten bidez. Ideologi ezberdinez osaturiko talde anitza omen da Onin eta denek helburu bera omen dute, udal kudeaketa lortzea. Alkatetza eskuratzea zen nahia, ez boterea lortzearren, baizik eta funtzionamendu eredua aldatu eta azken urteotako agintezko kudeaketari amaiera emateko.

Onin taldeak agertu zuen EAE taldearekin elkarrizketak izan zituela udala eratu baino lehen, beti ere legezkotasunaren barne eta bere ideiak kontutan hartuz. 4 ordezkarien bidez EAE-ri ahotsa ematea eskaini zioten, baina beti ere, negoziazioetan udalean aldaketa bat eman zedin akordioa lortzen bazen bi taldeen artean. Hauek akitu baino lehen, alkate berria izendatu behar zen eta negoziazioak biharamunerako utzi zituzten. Oninek ez zuen garbi nori eman behar zion botoa, baina emandako hitza ez duela faltatu argitu zuen.

Bizilagunez osaturiko taldea da Onin eta batzuk porrotak zeinu politikoen bidez justifikatzen dituzten bitartean, beraiek erabakiak kanpoko laguntzarik gabe hartzen dituztela erran zuten. Oker daitezke edo ez, baina herriarentzat hoberena egiten dutenaren segurtasuna dute.

Aldaketa bat nahi dute EAJ-k azken 20 urteotan kudeaketa egin ondotik. Talde bezala gai zirela uste zuten eta EA-ren babesa behar zuten. Argi utzi zuten ez direla saldu eta epe batean ez badira aldaketak ematen udalean, bere esku dagoena eginen dutela helburuak lortzeko.

Aldi berean, argitu nahi izan zuten ez dutela EAJ udaletik bota.Hauteskundeetara aurkezten den talde orok garbi izan behar du bere lana herriarentzat lan egitea dela, boterean egon ala ez. Alkatea zinegotziek aukeratzen dute eta kasu honetan, gehiengoaren konfidantza Koldo Erkiziak lortu du.
Ez dela mendekua izan diote Onin taldekoek, 4 urtetan udalean izandako elkarbizitza batek sortu duen ondorioa baizik. Herri hau zuzendu behar duen pertsonak gutxieneko duintasuna eta korporazio eta bizilagunenganako errespetua izan behar du. Balio horiek legegintzaldi honetan nagusitzea espero du Onin taldeak.
Onineri bozka eman diotenak gogoan dituztela aipatu zuten eta nahi dutenerako prest izanen omen dira, herria denon artean hobetu ahal izateko. Bozka eman dutenek beraien jarrera uler dezaten nahi dute. Aunitz bizilagunek babesa eskaini diete eta nahiz eta zalantzak izan, prentsaurrekoaren bidez argituko zirela espero dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun