Nafarroa Oinez, hirugarrenez Beran

ttipi-ttapa 2006ko urr. 3a, 12:42
1994ko Nafarroa Oinez oinarritzat hartuz egin da aurtengo ibilbidea ere, berdintsua da. ttipi-ttapa

Milaka lagun espero dituzte urriaren 15ean

Diru iturri eskergaitza izan dira 1983ko eta 1994ko Nafarroa Oinez-ak Labiaga ikastolarentzat. Aurtengoa ere halaxe izatea espero dute Beran. Urriaren 15ean izanen da urte osoan egindako lan eta ahalegin guztien uzta biltzeko egun seinalatua.

Izan ere, gauza jakina baita neurri honetako ospakizunak ez direla egun bakar batera mugatzen. Urte osoan barreiatuak, era guzietako jarduerak izan ditugu, eta bistan dena, jarduera horiek guztiak ehunka guraso, euskaltzale eta laguntzaileren inplikazioa ekarri dute berekin.

NAFARROA OINEZ Nafarroako ikastolek urtero egiten duten bestarik handiena da, euskararen eta euskal kulturaren aldekoa. Haren ospakizuna eta antolaketa Nafarroako ikastolen artean txandakatzen da, ikastola bakoitzak duen premiaren eta, hortaz, garatu beharreko proiektuaren arabera. Aurten Berako Labiaga Ikastolari egokitu zaio Nafarroa Oinez 06 prestatzea.

Aurtengo ibilbidea azkenekoaren antzekoa da. Zazpi gune desberdinetan haur, gazte eta helduentzat kirol eta kultur programa zabala eskainiko da, baita bertze zerbitzu batzuk ere: janaria, edaria… Dena den, Nafarroa Oinez egun bateko ospakizuna baino haratago doa. Urte osoan kirol eta kultur ekitaldiak antolatu dira, arropa eta materiala saldu da… iduri ez badu ere, lan handia.

Helburu ekonomikoa, nagusiki

Ikastolaren egoera ekonomikoa arintzea da, nagusiki, Nafarroa Oinez06aren helburua, webgunean adierazten denez. Orain arte ikastolak bi eratako inbertsioak egin ditu: «alde batetik materiala, 900.000 eurokoa Eztegarako eraikinean erabili dena, eta bertze aldetik hezkuntza arlokoa: gurasoek seme-alaben hezkuntzan 2.260.000 euroko inbertsioa egin dute 1995etik gaur egun arte Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ez baitu DBH ez legeztatu ez kontzertatu ere».

Horregatik, Maider Senper, Labiaga ikastolako zuzendariak aipatu digunez, “kuota ordaintzen ari dira gurasoak, baina hori ez da nahikoa eraikina eta irakasleen soldatak ordaintzeko. Egoera ekonomikoa arintzea beharrezkoa da aitzinera egin ahal izateko”.

Egitarau zabala

Ioana Iñigez, Nafarroa Oinezeko antolatzaileetako batek aipatu digunez, «honelako egun berezietan, pixko bat denentzako ekitaldiak izatea saiatzen gara, haurrentzako eta helduentzako, euskal folklorea eta rocka… Berara hurbiltzen diren guziek denbora pasatzeko gustoko zerbait topatzea da helburua. Gainera, area guzietan denentzako zerbait izatea nahi izan dugu, hau da, ez izatea gazteentzako area bat edo haurrentzako bertze area bat, jende pilaketak saihesteko eta jendea zirkuitoan zehar mugitzeko». Alde horretatik, urtero huts egiten ez duten taldeak izanen dira: Oskorri, Tapia ta Leturia… Dantzari talde ugari izanen dira, karrika animazioak ere garrantzi handia izanen du, batez ere zirkuitoko areak lotzen dituzten bideetan: «txarangak, joaldunak, fanfarreak, karrika antzerkia…». Euskal Herri osoko taldeak etorriko badira ere, Joanak bereziki eskerrak eman nahi dizkie antolaketan lagundu duten eskualdeko taldeei, «jarri duten gogoarengatik».

Arratsalde partean kontzertu «potenteagoa» izaten da, jendea biltzeko eta bestari bukaera emateko. Kontzertu horretan izanen dira Berako Sexty Sexers taldea, Kuraia eta bukatzeko Aritz Sound System DJa.

Irudiaren erranahia

«Traba guztien gainetik eta botatako izerdi guztiaren ondotik gure proiektuak aitzinera jarraitzen du. Logoan agertzen den etxeak Ikastolaren proiektua adierazten du, zurrunbiloak, ditugun trabak, eta bertan agertzen diren tantek, botatako izerdia».

Baietz oraingoan!
«10 urtez egindako esfortzuaren ondotik eta Ikastolaren proiektua aitzinera eraman ondotik, ailegatu da etorkizuna bermatzeko unea, eta ziur gaude oraingoan lortuko dugula, beraz, Baietz Oraingoan!!!»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun