Kotto Altzuguren omenaldi hunkigarriarekin agurtua izan zen

Amaia eta Ainhoa 2006ko abu. 3a, 13:06
Hainbat eta hainbat lagun bildu zen Kotto Altzuguren gorpuari ongietorria ematera. Herriko Etxean jarri zen hil-kaperatik ere jende aunitz pasatu zen. Utzitako argazkiak

Preso beratarra Soriako kartzelan agertu zen hilik

Azaroko lehendabiziko astea ahaztezina izanen da beratarrentzat. Soriako kartzelan sartu berri zuten Kottoren heriotza ezagututa hainbat ekitaldi hunkigarri izan ziren herrian: ongi etorria, hileta elizkizuna, greba, elkarretaratzeak… Azaroaren 5ean, larunbatean, Bortzirietako euskal preso politikoen senideek eta ezker abertzaleak Beran deitu zuten manifestazioa eta honek sekulako erantzuna izan zuen. Milaka lagun ibili ziren herriko karriketan, “Kotto maite zaitugu, Errepresioa ez da bidea” lelopean. Jende gehiena bertakoa eta ingurukoa bazen ere, euskal Herriko herrialde guzietatik etorri ziren. Kottoren argazkiak irekitzen zuen bidea. Ondotik, Euskal Herriko eta Berako ezker abertzaleko buru batzuk pankarta eramaten zuten eta honen gainean “konponbide demokratikoa orain, errepresioa ez da bidea” irakurtzen ahal zen. Guardia Zibilak jendea inguratu eta tentsio uneak izan baziren ere, azkenean lasaitasun osoz joan zen manifestazioa. Herriko Etxeko plazatik abitutako ibilbidea bukatu eta gero, jende guzia Altzateko pilotalekuan bildu zen Kottori omenaldia egiteko. Ekitaldian bere lagunek modu ezberdinetan omendu zuten: Josu Goiak Internazionala kantatu zuen, Estitxu Arozena eta Xabier Silveirak bertsoak, Bortziretako errepresaliatuek aurreskua eskaini zioten, Corteseko fusilatuen izenean olerki bat irakurri zioten, Sarako koadrilak ere bertsoak abestu zizkion, diapositiba emanaldi batekin bere bizitza oroitu zuten… Pernando Barrenak hitz batzuekin bukaera eman zion Kottori eskaini zitzaion omenaldi hunkigarriari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun