Juan Larramendi Berako margolari haundia hil da

ttipi-ttapa 2006ko abu. 1a, 16:50

XX. mendeko Nafarroako margolari handienetakoa izan zen eta Berako arte mugimendua bultzatu zuen

Urriaren 12an hil zen Juan Larramendi Arburua margolari beratarra, 88 urte zituela. Artista handia izan zen, pintore figuratibo bikaina eta marrazketa ederki menperatzen zuena. Juan Larramendik aztarna sakona utzi du Beran, herrian bizi den mugimendu artistikoaren erru handia berea baita. Duela berrogei bat urte Berako 13 gazte bildu zituen bere ezagupenak erakusteko eta horietako batzuk margolari ezagunak dira gaurko egunean. Sorterrian utzitako aztarna horren seinale, Berako Kultur Batzordeak agertu dion eskerrona, «utzitako ondareagatik eta eskualdean oro har, eta bereziki Berako herrian, pinturarako sortutako afizioarengatik, baita herriko kulturgintzari egindako ekarpenarengatik ere».

Horretaz gain, bere gizatasunarengatik ere gogoratua izanen da. Gizon irekia zen, lagunen lagun eta solasaldi errazekoa. Ttipi-ttapa aldizkariaren hasieran ere laguntzaile bikaina izan zen. Aunitzek oraindik gogoratuko dute aldizkariaren azaletarako eta ttipi-ttapak argitaratu zuen egutegi baterako egin zituen marrazkiak.

Marrazkilaria herbestean

1917an sortu zen Beran. Bere gisara ikasitako pintorea izan zen. 1936 urtera arte Donostiako El Dia egunkariko kolaboratzailea izan zen. Gerora Eusko Jaurlaritzako lehendakari izanen zen Jesus Maria Leizaolaren ipuin laburrak ilustratu zituen bere marrazkiekin. 1937an herbestera joan behar izan zuen eta 1940an herrira itzuli zen. Bere bakarkako lehen erakusketa Bilbon egin zuen, 1944an, eta urtebete beranduago Iruñean. Donostian eta Argentinako Mar de Platan ere erakutsi zituen bere lanak. Ondotik, Parisen bizitu zen, Souverbiéren tailerrean ikasten segitzeko. Handik, 1947an Venezuelara joan zen. Hegoamerikako hainbat herrialdetan erakusketak egin zituen bere garairik emankorrenean. Ameriketatik 1969an bueltatu zen Berara. Bere lanetako batzuk ikusgai daude Iruñeko Udaletxean eta, ustez, Nafarroako Jauregian. Izan ere, 1945ean beka eman zion Diputazioak «Castaños de Elzaurpea» margolanaren truke. Baina bekaren 60.000 pezetak ez zituen inoiz kobratu eta margolan harekin zer gertatu zen ez zuen inoiz jakiterik izan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun