Eskolak euskalduntzearen alde sinadura bilketa kanpaina eginen da

Aitor AROTZENA 2006ko eka. 23a, 11:48

Bortzirietan, lehen bilera zabala egin zen, kanpaina nola bideratu erabakitzeko. Bertan izan ziren Euskal Herrian Euskaraz, Ikasle Abertzaleak, herrietako euskara batzordeetako ordezkariak eta zenbait ikastetxetako irakasleak. Ondoren, herrietako Euskara Batzordeek hartu dute sinadura bilketaren ardura nagusia eta Euskara Mankomunitateak ere kanpainari atxikimendua agertu dio. Aitzinera begira, hasteko herritarrei kanpainaren nondik-norakoak laburbiltzen dituen orri informatiboa banatuko zaie. Gainera, zenbait herritan ekitaldiak antolatuko dira. Lesakan, errate baterako, euskara batzordeak, martxoaren 26rako, Bai Eskolak Euskalduntzeari lelopean ibilaldi bat antolatu du. Goizeko 10:30etan Plaza Zaharretik hasita ibilaldi bat eginen da herrian barna, txistulariekin eta soinulariekin, eta ondotik haurrentzako jokoak izanen dira. Sinadura bilketari dagokionez, berriz, herri bakoitzak bere dinamika izanen du, baina nagusiki martxoaren bigarren hamabortzaldian eginen da, herrietako euskara batzordeetako kideen bitartez.

Egoeraren azterketa

Egia da, Ttipi-ttapak Nafarroan hartzen duen eskualdean ikasle gehienak D ereduan ari direla, eta, gainera, inguru euskaldun batean bizi direla. Baina Euskal Herriari osotasunean begiratuz gero, egoera ez da horrelakoa. Sinadura bilketa kanpainaren sustatzaileen erranetan, «ikasleen %21ek gaztelaniaz edo frantsesez hartzen ditu eskolak, euskarazko irakasgai bakar bat ere gabe. Ikasleen %25 A ereduan matrikulatua dago, eta euskara irakasgai bezala ematen du, astean lau orduz. Ikasleen %17 B ereduan ari da, irakasgai batzuk euskaraz emanez eta bertze batzuk erdaraz. Ikasleen %37 D ereduan ari da; eskola guztiak euskaraz ematen dituzte, eta astean lau orduz erdara ematen dute». Gainera, zenbat ikaslek akautuko dituzte ikasketak euskara behar bezala menperatuz? Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2005ean euskara maila neurtzeko azterketa egin zien 16 urteko ikasleei. Emaitzetan ageri denez, A ereduko ikasle bakar batek ere ez zuen proba gainditu, B ereduko ikasleen %67k ez zuen gainditu eta D ereduko ikasleen %32k ez zuen gainditu.

Ondorioz, gaur egungo irakaskuntza sistemari eutsiz gero, hiru ikasletatik bi (ia 300.000 ikasle) ez dira euskaldunduko. Beraz, milaka ikasle aterako dira eskoletatik euskara menperatu gabe. Horrez gain, Euskal Herriko hainbat eremutan euskaraz ikasteko aukerak ukatu egiten dituzte administrazioek. Nafarroan bertan adibide aunitz eman ditzakegu: lanbide heziketan eta unibertsitatean euskararen sarrera eragozten da… eta, eskualdetik atera gabe, Berako Labiaga ikastola egoera alegalean dago oraindik orain.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun