Ortzirale goizean hasi ziren bestak Narbarten (ikusi orduko argazkiak). Ortzirale arratsaldean haurrak herri kiroletan ibili ziren eta herriko ttikiek, dena emanez, ederki pasatu zuten. Gauean, berriz, herriko gizon talde batek prestatutako zopak dastatzeko aukera izan zuten.
Larunbat goizean, laugarren aldiz, krosa egin zuten, eta eguerdian 120 bildu ziren zikiro jatean, Bittor eta Manolo bertsolariekin batera. Bitartean, plazan mugimendua hasi zen: gauerako dena prestatzeko asmoz gazteak lanean ibili ziren: «Herri ttikia izateko etorkizun handiko gazteak ditugu. Kontent aipatzen ahal dugu giro ezin hobean joan zirela gaueko kontzertuak, Hilketan, EH Sukarra eta Bide batez. Jende andana hurbildu zen eta adin aunitzetakoak».
Igande goizean, bertzalde, herriko nesken dantza saioa izan zen, eta arratsaldean, herri kiroletan ibili ziren gazteak eta helduak. Eguna akitzeko, kantu zaharren afaria egin zuten.
Abuztuak 24, astelehena
Gaur, astelehena, bestetako azken eguna dute. Goizean 13:00 arte puzgarriak izanen dituzte. 13:30ean haur eta gurasoen bazkaria eginen dute eta 14:00etan gazte bazkaria. 14:30etik 16:30era puzgarriak izanen dira. 17:00etan gazte jokoak eta mojito besta hasiko da. 19:00etan Lerro Alaiak taldearen dantza emanaldia izanen da eta 20:30ean patata tortilla txapelketa eta tortilla afaria hasiko da (sarrerak 6 eurotan salgai momentuan). Ondotik, bingo musikatua izanen da eta 22:00etatik aitzinera Trio Do Janeiro DJ.