Bestak 2025

«Bestak disfrutatu behar ditugu baina elkar errespetatuz»

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 19a

Maialen GOMEZ IBARRA, Narbarteko gaztea

Musika da Maialen Gomez Ibarraren (Narbarte, 2025) afizio handietako bat. Baina ez bakarra, «ilunabarrak ikustea eta mendira joatea» ere maite baitu. Haurrak ere «izugarri» gustatzen zaizkio eta zaletasun horietako biri atea irekiz, alde batetik, irakasle ikasketak egiten ari da Iruñeko Unibertsitate Publikoan, eta bertzetik, musika ikasketak Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioan. Aitortu duenez, «ttikitatik nahiko garbi izan dut irakasle izan nahi dudala eta musika mundua ere beti gustatu izan zait». Hartutako bidearekin kontent da eta azken ikasturtea «hagitz ongi» joan zaiola kontatu du: «Gainera, aurten praktikak izan ditugu, haurrekin lehenbiziko kontaktua izan dut, eta aski gustura aritu naiz. Esperientzia polita izan da». 

«Herri ttikia da Narbarte, nahiko lasaia, eta ikasturtean zehar ez da gazte aunitzik ikusten. Baina uda ailegatzen dela nabaritzean, gazte gehixeago ikusten da herrian barna»

Ikasturtean zehar «Narbartetik Iruñera egunero joan-etorria eginez» ibili da, bere hitzetan, «herrian lasaiago bizi baikara!». Baina Iruñeko buelta horiek alde batera utzita, «udan lanean eta lasai» dabil, «lagunekin eta hurbilekoekin denbora pasatuz». Gehiago ere bai: «Posible bada, ilunabarrak ikustera joatea edo eskapada ttiki bat egitea gustatuko litzaidake». Eta uda aipatuta, herrian mugimendu gehiago sumatzen dela esplikatu du: «Herri ttikia da Narbarte, nahiko lasaia, eta ikasturtean zehar ez da gazte aunitzik ikusten. Baina uda ailegatzen dela nabaritzean, gazte gehixeago ikusten da herrian barna. Aipatu behar da herriko ostatua itxi izanak herria gehiago itzali duela, baina hala ere, ahal den moduan elkartzen gara. Zerbait antolatuz gero, jende dezente elkartzen gara, herriari bizitasuna emanez». 

Herriko bestei begira

Eta bizitasun hori Gomezek hain gustukoak dituen herriko bestetan ere sumatzen da. Aitortu duenez,  «bestak aunitz gustatzen zaizkit» eta «bereziak» iruditzen zaizkio, «bereziki hainbat adinetako jendea elkartzen garelako. Herri ttikia izanik, jende gehiena elkartzea hagitz polita izaten da, bizitasuna nabaritzen da». Narbarte «herri bestazalea» dela ere onartu du, «eta ez gazteak bakarrik! Helduak ere bai! Herritarrok bestak aunitz maite ditugu eta bakoitzak ahal duen neurrian parte hartzen du».

Aurtengoei begira, bortz egunetarako egitaraua prestatu dute, esplikatu duenez, «adin guzietako jendearendako ekitaldiak». Gazteak ibili dira antolatzen, eta tartean Gomez bera: «Eguberriak baino lehenago hasi ginen prestatzen». Hala ere, lanean «nahiko gazte gutti» direla dio, «25 inguru bertzerik ez».

Gainerakoan, bortz egunetan gozatzen saiatuko bada ere, «gazteen eguna» du maiteena eta lehenbiziko eguneko «etxez etxeko buelta» ekitaldirik gustukoena, «bestei hasiera emateko modu ezin hobea da eta. Hor izaten dugun gogoa eta giroa hagitz bereziak dira». Eskatzen hasita, berriz, «gazteondako ekitaldiren bat gehiago izatea edo zerbait berritzailea egitea» aipatu du, eta horrekin batera herritarrei igorri die mezua: «Urtero zerbait pasatzen da, baina aurten dena emanez disfrutatu behar ditugu bestak, elkar errespetatuz eta zainduz. Besta giro onekoa izan dadila!». Horri lotuta, «Narbartek espazio segurua, lasaia eta giro onekoa izaten segitzea» nahi duela nabarmendu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun