Bertizaranan egin den lehendabiziko pilotaleku estalia izan zen Legasakoa eta, bideoan ikusten ahal denez, ez du ohiko frontoien itxura. Proiektua egin zuen arkitektoak, Xabier Lopezek zioenez, Aceraliako pabiloietan inspiraturik eman zion frontoiari forma borobil hori. Egia erran, herrian gisa guzietako iritzi eta komentarioak aditu ziren: batzuentzat arras polita, diferentea izanik ere, baina bertze batzuentzat, berriz, itsusia. Hala ere, Legasako herritar guziak ados zeuden gauza batean: horrelako idorpe bat behar beharrezkoa zen aspalditik, euria egitean ez baitzen kirola egiteko toki egokirik.