Pedro Salaberriren ‘Bideak’ erakusketa irekiko du Bertizen Kultur programaren 25. edizioa

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 18a, 07:00
Pedro Salaberriren margolanak ikusgai izanen dira Bertizen datozen asteetan.

Uda osoan musika eta dantza emanadiak izanen dira Beran, Donamarian, Elizondon, Leitzan eta Zugarramurdin  ere

Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatzen duen Kultur programaren 25. edizioa izanen da aurtengoa. Ortzegun, ortzirale, larunbat eta igandetan eginen dute, uztailaren 18tik irailaren 13ra bitartean, 36 herri eta intereseko gunetan, programazioan musika, dantza eta artea eskainiz. Larunbatetan, gainera, eskualdean eginiko turismo-jarduera batek osatuko du kultur proposamena, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren laguntzaz. Bertizko jaurerriko jauregiak Pedro Salaberriren ‘Bideak’ erakusketa hartuko du uztailaren 18tik abuztuaren 30era. Astelehenetik igandera, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara irekiko dituzte ateak.

Pedro Salaberrik dioenez, «ezagutzen dudan gozagarririk onenetako bat paseo lasaiak ematea da, zuhaitz eta soroen arteko bideetan edo landaretzan barna urruneko mendi eta ibarrak antzematen diren basoetan. Paseo horietan, hotzak, beroak edo euriak momentu horretan buruan dudana atzean utzi, eta kosmoseko planeta txiki batean bizi naizela eta harekin ongi moldatzea niretzat ona dela kontatu ahal didate. Nire estudioan, betiereko itzulera lortu nahian, islatuko ditudan irudiz betetzen naute paseo horiek. Nire lehenengo erakusketan ‘paisaiaren erdian irudi batek oroitu, bizi eta itxaron egiten du’ idatzi nuen, eta badirudi lehenengo aldi hura dela berriro».

Eskualdean bertze hainbat ekitaldi izanen dira udan, zehazki, Beran, Donamarian, Elizondon, Leitzan eta Zugarramurdin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun