Ate irekien eguna irailaren 16an ospatuko dute Bertizko Natur Parkean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko ira. 14a, 07:22
Bertizko lorategia eta parke ingurua bisitatzeko aitzaki polita izanen da igandean.

Hurbiltzen direnek egun osoan Lorategi Historiko Artistikoa dohainik bisitatzeko aukera izanen dute

Bertizko Natur Parkea ezagutu eta bertan gozatzeko aukera eskainiz, aurten ere ate irekien jardunaldia antolatu dute Nafarroako Gobernuak eta Bertizko Natur Parkeak irailaren 16rako. 

 

Goizez eta arratsaldez ekitaldiak prestatu dituzte. 10:30ean landare exotikoek sortzen dituzten kalteen inguruko azalpenak emanen dituzte eta ondotik, landare horiek kentzeko aukera izanen du nahi duenak. 11:00etatik 11:30era  Markategi inguruan aurten zabaldu duten hegaztiak behatzeko etxolako (Hide) ateak zabalduko dituzte. Horrez gain, 11:15ean lorategian antzeztutako bisita gidatua antolatu dute, Emaitza antzerki taldearekin.

12:30ean Andoni Esparza Leibarrek solasaldia eskainiko du Bertizko Jaurerriko Historia izenburupean. Gisa berean, Bertizko Jaurerria liburuaren hirugarren argitalpena aurkeztu nahi dute.

17:00etatik 18:00etara animalia basatiekin eginen den ingurumen tailerrean parte hartzeko aukera izanen da Basabereren eskutik. 17:30ean lorategian antzeztutako bisita gidatua eskainiko dute, Emaitza taldearekin.

 

Argazki lehiaketako sari banaketa

Bertiz Jaurerriko Natur Parkea izeneko argazki lehiaketa ere antolatu dute aurten bigarren aldiz, eta sari banaketa 18:30ean eginen dute. 

Bi sari banatuko dituzte. Alde batetik, epaimahaiak aukeratutako argazkiak 300 euro hartuko ditu eta bertzetik, bisitariek aukeratutakoak 200 euro. Lorategi Historiko Artistikoan sartzen diren bisitariek izanen dute botoa emateko aukera. Irailaren 8tik 15era bilduko dituzte botoak, baita ate irekien egunean ere, irailaren 16an, goizez.

Eguna borobiltzeko, lehiaketako sariak banatu ondotik, Doneztebeko Mendi abesbatzak kantaldia eskainiko du.

Jarduera horiek guztiak dohainik izanen direla adierazi dute antolatzaileek. Horrez gain, Lorategi Historiko Artistikoa dohainik bisitatzeko aukera ere eskainiko dute irailaren 16an.

 

Erakusketa

Bertze aldetik, Bertizko jauregian margo erakusketa ikusgai dago irailaren 7tik 30a bitartean. Goizeko 10:30etik 13:30era eta arratsaldeko 4etatik 7etara ikus daitezke Mari Puy Luquin, Mila Esteban, Ana Gonzalez, Patxi Txokarro, Amaia Elizainzin eta Blanka Jimenezen margoak, 50 denera. Tomas Sobrino Habans margolariarekin klaseak hartzen dituzte. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun