Kultur 2018 programazioaren baitan, arte plastikoak Bertizko Jaurerriko Jauregian finkatuko dira uztailaren 20tik abuztuaren 20ra bitartean, aunitzek handikeriarik eta zabarkeriarik gabeko pintura lasaiaren maisutzat jo duten Javier Ciga Echandi (Iruña, 1877-1960) margolari nafarraren obrari buruzko ‘Figurazioa eta esentzia’ erakusketarekin.
Lau izanen dira erakusketa honen ardatz tematikoak: errealismo soziala, erretratua, paisaia eta pintura etnografikoa eta alegoriko-sinbolikoa. Amaren aldetik Baztango jatorria zuen Ciga margolaria estu-estu lotuta egon zen eskualde horrekin, maila pertsonalean nahiz piktorikoan.
Cigaren lanak erromantizismoan eta errealismoan ditu sustraiak; lehenengotik, herriarekiko eta hango jendearekiko maitasuna hartuko du, bere lanaren inspirazio-iturri bibiak, eta bigarrenetik, errealitatea islatzeko eta perfekziora iristeko obsesioa, akademizismotik harago. Zorroztasun teknikoa eta ongi ikasitako ofizioa ditu oinarri bere pinturak. Hortik, Pinturara (maiuskulaz) jotzen du: orekatua, barea, nabarmenkeriarik gabea, non ia genero eta teknika guztiak baliatu baitzituen maisutasun handi-handiz. Parisko egonalditik, erabilera berriak ekarri zituen Cigak, nahiz eta bere ideal estetikora lerrotu zen nahita, hots, perfekzio errealistara zein pinturaren balio handietara.
Deus baino gehiago, esentzien eta egien pintorea izan zen Ciga, bere garaiko arima eta gizartearen interpretatzailea.