Sukil ETXENIKE | Narbarteko gaztea

E. IRAOLA 2012ko urr. 16a, 08:55

Sukil Etxenike Narbarteko gaztea herriko plazan. TTIPI-TTAPA

«Nahi dudana izatera iritsi nahi dut, nahiz eta bidea ez den erraza izanen»

Sukil Etxenike Narbarteko gazteak hamasei urte ditu. Hiru hilabete zituenean galdu zuen ikusmena. Mundua begiekin ikusi beharrean, belarriekin ikusten du geroztik, soinuen bidez baliatzen baita. Bere ingurunean integratua sentitzen dela dio, baina bai berak eta baita ingurukoek ere ahalegin hori egin izan ez balute, integrazioa ez zela posible izanen aitortzen du.  Zailtasun eta oztopoak izanen dituela dakien arren, unibertsitatera joan eta ingeles filologia ikasi nahi du. Hori lortzeko bere eskuetan dagoen guztia eginen du.

Sukil Etxenike...nor dago izen-abizen horien gibelean?

 

16 urteko mutil bat, itsua eta lan egiteko prest dagoena. Jende normal batena bezalakoa da nire egunerokoa. Batxilergoa Lekarozko institutuan egiten ari naiz. Asteburuetan deskantsatu, ordenagailuan ibili, irakurri eta musika entzuteko ohitura dut. Bertsotan aritzeko afizioa ere badut.  Doneztebeko bertso eskolan aritzen naiz.

Ikusmen gabezia asko nabaritzen al duzu?

Hiru hilabete ondoren hasi zitzaidan erretina izorratzen eta kontua da, ni ez naizela oroitzen nola den ikustea. Ez naizenez oroitzen, ez dut falta hori asko sumatzen. Ikusmena gehienetan ez da behar bat niretzat. Mundua soinuen bidez bizi dut. Hala ere, gaur egun gehiena itxura da, garran­tzia gehiegi ematen zaio ikusmenari. 

Makilaren laguntza izaten duzu...

Bai, baina makila erabil­tzeko aurrena tokia ezagutu behar da. Nora joan behar duzun jakin behar duzu, makila ez baita gps bat. Makilak oztopoak eta nabaritzeko balio du, baina tokia ez baduzu aldez aurretik ezagutzen alferrikakoa da. Nik institutuan bakarrik erabiltzen dut makila, etxean ez. Etxean ikasia dut makilarik gabe ibil­tzen, ateak, paretak erreferentziatzat hartuta ditut eta ez dut makilik behar. 

Kalean bakarrik mugitzea ez da erraza izango orduan...

Egia erran ez naiz gehiegi mugitzen eta egiten dudanean, beti norbaiten laguntzarekin mugitzen naiz. Kotxeak azkar ibil­tzen dira, zuloak daude eta bideak ere jakin egin behar dituzu. 

Ba al dago itsuen inguruko estereotiporik?

Dezente daude, famatuena da itsuek hobeki adi­tzen dugula. Ez dakit horrela den, soinuen bitartez mugitzen gara bai, baina ez izatez entzumena garatuagoa dugulako, nik uste arreta gehiago jartzen dugulako dela.

Irakurtzeko afizioa aipatu duzu. Non lortzen duzu materiala?

ONCEn eskuratzen dugu. Euskarazko liburuak lor­tzea zailagoa da, baina nik gehienak gazteleraz irakurtzen ditut. Idazteko ordenagailua erabil­tzen dudan arren, irakur­tzeko brailea erabiltzen dut. Liburu aunitz transkribituak daude, baina transkribituak ez daudenak transkribitzeko eskatu behar da. Adibidez eskolako materialarekin beti pasa­tzen da. ONCEk egiten du lan hori. Gure sistemak duen partikularidadea da, ezin dela letra tamaina txikitu. Orduan liburuak tamaina handiagokoak dira eta horregatik liburu pila bat daude liburu bakarrarendako. 

Baduzu harremanik beste itsuekin?

Bai. ONCEko itsuekin harreman handia dut.  Iruñean, adibidez, bi lagun elkartu eta ikastaro batzuk egiten ditugu. Arropa doblatzen, janaria prestatzen... ikasten dugu. Eta kanpamenduetan ere izan naiz. Aurten Pontevedran izan gara.  Ingelesa ikasi, jolasean aritu. Espainia osoko jendea elkartu ginen. Nire taldean 20 bat lagun zeuden.

Etorkizunari begira, zer amets dituzu?

Ingeles filologia ikasi nahi dut, oraindik ez dakit zein uniber­tsitatetan, baina urtebete falta da eta badut pentsatzeko denbora. Kanpora joan behar badut badakit zaila izanen dela. Arriskua, toki berri bat, hor ez dela hainbertze laguntzarik izanen.  Baina joan behar baldin bada joan egingo naiz. Nahi dudana izatera iri­tsi nahi dut, nahiz eta bidea ez den erraza izanen. Horrelakoetan, institutuan pasa den bezala, ONCEkoak etorriko lirateke bi edo hiru egun lehenago tokia ezagutaraztera, eta bestela bakarrik moldatu beharko naiz, zer erremedio! 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun