Denboraldi berria hasi du Mitxel Aginagak

ttipi-ttapa 2006ko mai. 4a, 16:44

Mitxel Aginaga kirolari narbartearrak mendi duatloi denboraldi berri bati ekin dio. Aginagaren helburua, apirilaren 9an, Argentinako Patagonia inguruko San Martin de los Andes herrian jokatuko den bigarren Green Cup Mendi Duatloi Munduko txapelketan parte hartzea da. Txapelketa honetan zazpi kilometro terdi lasterka, 30 mendi bizikletan eta azkeneko zazpi terdiak berriz ere lasterka egin beharko dituzte partehartzaileek.

Helburu hori bistan izanik, denboraldi honetako lehendabiziko proba otsailaren 12an izan zuen Mitxel Aginagak, Kataluniako L'Ametlla del Vallés herrian. 7 kilometro lasterka, 21 mendi bizikletan eta azken hiru terdiak berriz ere lasterka egin behar izan zituzten 248 kirolariek. Aginaga seigarren izan zen sailkapenean.

Otsailaren 26an, berriz ere Katalunian izan zen Aginaga, Suria herrian. Hemen 6 kilometro lasterka, 18 mendi bizikletan eta 3 lasterka egin behar izan zituen, ibilbide arras gogor batean. Euriaren eraginez lohi handia ere izan zuten. Halere, esperientzia aberasgarria izan zen Mitxel Aginaga narbartearrarentzat eta bosgarren postuan akautu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun