Gogoratu behar da joan den urrian urratu zela hasierako kontratua, 2023an Túnel Belate UTE enpresari esleitu zitzaiona, bi aldeek, Nafarroako Gobernuak eta enpresak, atzera egin zutelako.
Obrekin segitzeko, nahitaez proiektu berri bat idatzi behar zen, Belateko tunelaren bikoizketarekin akitzeko beharrezko esku hartzeak zehazteko.
Bertzalde, Nafarroako Gobernuaren Proiektu eta Obren Zerbitzuak proposatu du, proiektu berria onartu eta obrak lizitatu ondotik, lanen zuzendaritza, kontrola eta zaintza behar bezala kudeatzeko, enpresa esleipendunak kanpoko obraren zuzendaritza ere bere gain hartu behar duela, ezaugarri bereziak dituen azpiegitura batek eskatzen duen kualifikazio, dedikazio eta erabilgarritasun berezia direla eta.
Lizitazio berriak 115.025,02 euroko aurrekontua du proiektua idazteko, eta 1.508.062,93 eurokoa zuzendaritza, kontrol eta zaintza lanetarako. Bi kontzeptu horiek 1.623.087,95 euro jotzen dute guztira, eta, horri, gehienez ere, ustekabekoetarako % 10eko aurreikuspena gehitzen zaio. Horiek denak kontuan hartuta, 1.773.894,24 euro dira, BEZa barne. Inbertsio hori hurrengo hiru urteetako aurrekontuei egotziko zaie: 289.032,28 euro 2027ko aurrekontuan, 696.029,04 euro 2028koan eta 788.832,92 euro 2029ko aurrekontuan.
Baimendu den kontratua gauzatzeko epeak 29 hilabeteko iraupena izanen du, esleitu ondotik. Lehenengo hiru hilabeteak proiektua idazteko, eta hurrengo 26ak zuzendaritza lantarako. Kontuan izan behar da lan horiek obrak hasi baino hilabete lehenago hasiko direla eta esku hartzea amaitu eta bi hilabete geroago akituko direla.