Kalifornian sortu bazen ere, euskara izan du ama hizkuntza eta ederki solastatzen da Baztango euskaraz. Kontatu duenez, «gogoan dut High Schoolean nintzenean, hemengo DBH mailan, idatzizko inkesta bat egin zutela ikasleen artean, etxean zein hizkuntzatan mintzatzen ginen jakiteko. Bildutako erantzunak leitu ondotik, gelatik ateratzeko eskatu zidaten. Nire etxeko hizkuntza euskara zela idatzi nuen, eta hori ikustean, ingelesez ez nekiela pentsatzen zuten, eta eskolako laguntza beharko nuela. Nik ezetz erran nien, ingelesez ongi mintzo naizela, baina etxean euskaraz aritzen garela».
Hegaldiz hegaldi
American Airlines hegazkin konpainian egiten du lan Duhaldek: «29 urte daramatzat hegaldi laguntzaile lanetan, eta ia beti Los Angeles-Hawaii ibilbidea egiten dut». Urte hauetan guzietan, «behin bakarrik aditu dut norbait euskaraz mintzatzen».
Lanak bere arriskuak ditu, eta bereziki gogoan ditu bizitako bi egoera larri. «Lehenbizikoa eskualdeko aire konpainia batean gertatu zen. Hegazkinak lurra hartzean konturatu ginen denbora luzez zebilela bueltaka: lurreratze trena trabatua zegoen eta ez zen ateratzen! Zorionez, azkenean dena ongi joan zen».
Bigarrena, berriz, «Miami-Los Angeles hegaldian izan zen. Aireratu eta mila metrotara ginenean, asots arraroa aditu nuen eta bidaiari batzuk erran zidaten motorretik bi suzko bola irteten ikusi zutela. Motor bat matxuratuta zegoen. Hala ere, denak ongi ailegatu ginen lurrera eta Miamiko aireportuan egoera larri baterako dena prest zuten: suhiltzaileak, anbulantziak, polizia…».
Hala ere, «arriskurik handiena hegaztiak izaten dira. Hawaiiko Kauai uhartean, animaliak motorrean ez sartzeko, tiro asotsak erabiltzen dituzte lekutzeko».
Airean duen esperientziarekin, bidaiatzeko laguntzaile ezin hobea du Doloresek!