«Arizkunen ibiltzeko eta herria arnasteko gogoz etortzen naiz»

Ttipi-Ttapa

Dolores, Lorentxo ilobarekin (ezkerrean) eta Antonio semearekin (eskuinean). Maite Goizueta.

Dolores URRUTIA ANCHORENA, Ontarion (Kalifornia) bizi den arizkundarra.

Duela 56 urte AEBn bizi da Dolores Urrutia arizkundarra eta, semeak lagunduta, sorterria bisitatu du berriz aurten, 93 urterekin. Bere bizipenak bildu ditugu Maite Goizuetaren laguntzaz

Arizkungo Pertalats auzoko Iribarren etxean sortu zen Dolores Urrutia Anchorena 1933ko apirilaren 12an. 36 urterekin ezkondu zen, 1970eko otsailean, Aritzakungo Itxusiko bordako Lorentxo Duhalde Iribarrenekin, eta handik lau hilabetera Ameriketako Estatu Batuetara joan ziren bizitzera. Urrutiarendako lehenbiziko aldia izan zen, senarra, ordea, urte batzuk lehenago joana zen artzain, kanpero eta lorezain lanak egitera. Baztanerat hirugarren aldiz itzuli zenean ezkondu ziren eta Ameriketara joan ziren elkarrekin. Pomonan (Kalifornia) sortu zen haien semea, Antonio Duhalde Urrutia, eta Bakersfielden eta Chinon ere bizi izan ziren. Gaur egun Kaliforniako Ontario hirian bizi da Urrutia, eta alarguna da.

18.780 kilometroko bidaia

Sorterriko karriketan ibiltzeko eta «herria arnasteko» gogoak animatzen du Arizkun bisitatzera: Kalifornian bizitzen daramatzan 56 urteetan 38 aldiz etorri da Baztanerat. Aurten ere, herriminak bulkatua, bizilekutik banatzen dituen 9.390 kilometroak egin ditu semearekin: 18.780 kilometroko joan-etorria. 

Bisita aitzakiatzat hartuta, ama-semearen testigantzak bildu ditu Maite Goizueta Iaben arizkundarrak. 93 urte baditu ere, memoriak ez dio hutsik egiten Urrutiari eta bere bizipenek «ordu luzeetarako» ematen dutela dio Goizuetak: «tokiko jendearen oroitzapenak eta pertsonei buruzko informazioa galtzeko arriskuaren aitzinean antidotoa da Dolores. Edonor txundituta uzten du». Bidaiaz eta Ameriketako bizimoduaz mintzatu da Urrutia.

Hegazkinaren beldurrik ez

Bidaia luzea da sorterrira etortzeko egin dutena ama-semeak, hala ere, «egin dugun luzeena 2020an izan zen, Covid garaian. Debekuak zirela medio, Kaliforniara itzultzeko Madril-Tokio-Los Angeles egin genuen. Tokiora ailegatzeko 12 ordu eta erdi behar izan genituen eta han bederatzi ordu esperoan egon ginen Los Angelesera joateko hegazkina hartzeko. Munduari ia itzuli osoa egin genion!». 

Kalifornia eta Baztan arteko bidaia 38 aldiz egin duela jakinik, kilometroen kalkulua ere egin dute: 713.640 km bidaiatu ditu Doloresek hegazkinetan, «beti semeak lagunduta».

Herria urrun, euskara hurbil

Bera bizi den hirian Baztango eta inguruko jendea «gero eta guttiago» dela kontatu du Urrutiak, «gehienak hil egin dira». Eskualdetik joandako emakumeak ere «arras gutti gaude orain». Azaldu duenez, ez zen familiako bakarra izan ozeanoa gurutzatzen: «bi anaia izan nituen Mexikon. Martin 1956ean joan zen Mexiko Hirira eta Isidro 1957ean. Biak ere 1997an bueltatu ziren Euskal Herrirat».

«Euskal Etxeak antolatzen dituen bazkari eta pikniketara joaten naiz beti»

Euskaldun gutiago badira ere, Doloresek ez du hutsik egiten Kaliforniako Euskal Etxeetan: «10 hilabetez, hilero antolatzen dituzten bazkarietara joaten gara beti semea eta biok. Udan ez da egiten, jendeak bakazioak baititu». Horrez gain, urtean hiru piknik antolatzen dituzte «eta hiruetara joaten naiz: lehenbizikoa Bakersfielden maiatzean egiten dena; bigarrena Chinon uztailaren 4an, Independence Day edo Independetziaren Egunean; eta hirugarrena Chinon ere, irailaren lehenbiziko igandean, Labor Day edo Langilearen Egunean». Azken hitzordua berriki izan du: «azaroaren 1ean Chino Basque Clubek Saindu Guzien Eguna antolatzen du eta horretara ere joaten naiz». Horrez gain, hizkuntza atzentzeko arriskurik ere ez du izan: «etxean beti eta betitik euskaraz mintzatzen gara. Ni euskaraz bizi naiz».

93 urterekin, autoa gidatzen segitzen du Urrutiak: «2023an baimena bertze bortz urtetarako berritu zidaten, beraz, 95 urtera arte segi dezaket gidatzen. Han inguruan ibiltzen naiz normalean». Bitxikeria gisa, 'ARIZKUN' du idatzia autoaren matrikulan. «Matrikula horrela paratzeko tasa edo zerga zerbait gehiago ordaindu behar da, baina merezi du! Badaude Baztango bertze herrien izenak paratu dituztenak ere: Amaiur, Lekaroz… Kaliforniako legeak dio gehienez zazpi letra eduki behar duela, eta nire sorterriaren izenak justu zazpi ditu!».

Dolores Urrutia, bere autoaren ondoan.

 
Egun politak

Arizkungo bisitan, euskararen egoera bertan «hobeki» ikusten duela dio: «lehen baino gehiago aditzen dut eta horrek poza ematen dit». 

Familia aldetik ere badu nor bisitatu, izan ere, senarra zenaren arreba, Xole Duhalde Iribarren, Aritzakungo Itxusiko bordan bizi da oraindik ere, Lorentxo eta Patxi semeak ondoan dituela. Aipagarria da 1925ean sortu zela Xole, eta 101 urte bete dituela aurten.

Familia bisitatzeaz gain, lagun zaharrak ikusteko aukera ere izan zuen Urrutiak, Lesakako Euskal Artzainak Ameriketan bestan parte hartu baitzuen. «Semea eta biok bazkarian egon ginen eta egun ederra izan zen, jende aunitzekin mintzatu ginen».

Itzultzeko bidaia ongi egin zuten, eta Kalifornian bueltan dira Dolores eta Antonio ama-semeak. Sarri artio!

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun