Xabier Rekarte 'Kaxtel' erratzuarra omentzeko eguna izan zuten larunbatean Erratzun, bere heriotzaren 10. urteurrenean. Herritar talde batek Kaxtrail mendi lasterketa antolatu zuen, edizio bakarra izanen duena, eta egun borobila izan zen.
Lehenbiziko orduetan euria eta hotza nagusitu baziren ere, lasterkariek aurre egin zioten eguraldi kaskarrari eta banaka zein bikoteka, 512 lagunek parte hartu zuten proban. Banaka 141 lasterkari izan ziren, gizonezkoen erreleboetan 56 bikote, emakumezkoetan 11 bikote eta mistoan 45. Ez zuten lan makala: 44 kilometro eta ia 3.000 metroko desnibela izan zituen bideak. Hauek izan ziren podiuma osatu zuten lasterkariak:
- Banakako gizonezkoak:
- 1- Ander Amonarriz (Hernani): 4 h 36 min
- 2- Asier Murua (Beasain): 4 h 57 min
- 3- Benoit Semerena (Baigorri): 4 h 58 min
- Banakako emakumezkoak:
- 1- Amaia Razkin (Uharte Arakil): 6 h 22 min
- 2- Izaskun Sanz (Jaitz): 6 h 22 min (26 segundoko aldea)
- 3- Sonia Regueiro (Mendiola): 6 h 51 min
- Gizonezkoen erreleboa:
- 1. Aritz Intxaurrondo eta Mattin Intxaurrondo (Berastegi): 4 h 21 min
- Emakumezkoen erreleboa:
- 1. Nerea Huarte eta Uxue Gomez (Nafarroako Elkarte eta Ballariain herrietakoak): 6 h 24 min
- Errelebo mistoa:
- 1. Joel Oronoz eta Ainhoa Etxegarai (Lesaka eta Bera): 5 h 12 min
Horrez gain, mendi martxa ere antolatu zuten eta 147 lagunek parte hartu zuten. Probaren ondotik bazkaltzeko eta indarrak hartzeko ordua ailegatu zen, eta egitarauak arratsaldean izan zuen segida, sari banaketarekin. 19:30ean, berriz, omenaldi hunkigarria egin zioten Kaxteli. Eguna borobiltzeko musika izan zuten gauean.
«Lehen balorazio azkar bat» egin ondotik, antolatzaileak «arras kontent» agertu dira «Erratzuk eta haren inguruko mendiek ibilbide osoan erakutsitako itxuragatik. Aldi berean, erratzuarrek eta inguruko bertze herrietatik sortu den boluntario sarearen laguntza ikaragarria izan da. Urte intentsoa izan da baina emaitzak merezi zian du. Oraino ez gara kontziente egindako guztiaz». Akitzeko, «eskerrak eman baita ere ekonomikoki lagundu gaituzten 50 bat enpresa eta elkarteei».