«Euskal Herri osoko gazte ugari» elkartuko dira Elizondon ortzirale arratsaldetik astelehen eguerdira bitarte. «Formakuntzarako, aldarrikapenerako eta kultur eskaintza zabalaz disfrutatzeko» ekimena izanen da topagunea eta horretarako «solasaldiak, kirol erakustaldiak, kultur antzezlanak eta musika eskaintza» barnebilduko ditu egitarauak.
Ekimena herriko hainbat gunetan eginen dute. Gune nagusia Elizondo Eskola Publikoan izanen da eta bertan solasaldiak, umore eta kultur ikuskizunak eta kontzertuak eginen dituzte. Bertzetik, Laxoako plazan eta Juanj0 Atxa Mindegia pilotalekuan solasaldiak, pilota partida, emanaldiak eta musika izanen da, baita otorduak ere. Larunbat arratsaldean, berriz, herri kirol erakustaldia eginen dute Foruen plazan 17:00etan. Azkenik, gazte aunitzek Mendinueta karrikan kokatua egonen den kanpalekuan eginen dute lo.
Muntaketak asteartean hasi zituzten, eta ekimena pasatuta, urriaren 14an akituko dute desmuntatze lana. Hala ere, «jakitun gara dimentsio handiko ekimen honek herriko egunerokoan eragin dezakeenaz, horregatik, Baztango Udalarekin koordinazioan, hainbat neurri hartuko ditugu bizilagunen eguneroko ahalik eta guttien kaltetzeko. Hala nola, aparkaleku propioak jarriko ditugu kanpotik datozenek herrian aparkatu ez dezaten, garbiketa plan bat ere abian jarriko dugu eta neurri bereziak hartuko ditugu herria zaintzeko eta eragozpen posibleak saihesteko».
Akitzeko, «ekimenak sor ditzakeen eragozpen posibleengatik barkamena eskatu» eta «bizilagun guziak bertan parte hartzera animatu» dute antolatzaileek.