Bestak 2026

[ARGAZKIAK] Umore ederrean ospatu dituzte Anizko bestak

Ttipi-Ttapa

Aurtengo Anizko bestak aspaldiko urteetako jendetsuenak izan ditugu: ortziralean 152 lagun izan genituen Baztan zopetan afaltzen, biharamunean paella jatean 130 lagun, zikiro jatean 70... 70 biztanleko herri batendako ederra kopurua!

Argazkiak eta testua: Maitane Maritorena

Otorduez gain, ekitaldiak ere anitz izan ditugu, eta aski arrakastatsuak denak: musa, partxisa, aniztarren arteko pilota desafioa, herritarren arteko jostetak, irrintzi txapelketa, 'modeloen' desfilea, karaokea, bingoa... bazen non josta…

Musean Arantxa eta Unax ama-semeak irabazi zuten, partxisean, Hegoik. Pilota partidetan, berriz, gaztetan Harrietek eta Sustraik irabazi zioten Oihan eta Aierti, zahartxeagoetan, Asierrek eta Gabonek, Iñakiri eta Xubani. Gainerako jostetetan ez zen argi gelditu nor izan zen irabazlea, karaokean gehiexkoenek ere nahikoa lan izan baitzuten kantatzen, irrintzietan Mika eta Iñaki buruz buru aritu ziren, biek xarmanki egin zuten. Bingoan, Asier izan zen sosa lortu zuena.

Herritarrek beraiek prestatu eta beraiek parte hartu zuten ekitaldiez gain, aurten berrikuntza gisa Kataluniako Torà herritik etorri zitzaizkigun lau erraldoi. Frontoian beraien dantza erakusteaz gain, erraldoiekin jostetan eta lasterka aritu ziren haurrak. Ondotik herriari itzulia ere eman zioten beraien gaita eta musikariekin, bertaratu zirenen gozagarri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun