[ARGAZKIAK] Elkartasun jaialdi ederra Gorka Goñirekin bat egiteko

Ttipi-Ttapa

Elbeteko Herriak eta Gorka Goñi Mendibururen familiak, Baztango Udalaren eta Txarutaren laguntzarekin, egun polita bezain hunkigarria antolatu zuten larunbatean «Gorkari omenaldi bat egiteko eta familiari lagundu diozuen guztiei eskerrak emateko»

Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Zurekin Bat jardunaldiaren egitaraua abiatzeko, mila lagunetik goiti bildu ziren Elizondoko Juajo Atxa Mindegia pilotalekuan. Aurtizko joaldunek ireki zieten bidea pilotariei eta Gorkarekin batera bildu ziren bi partidetan parte hartu zuten zortzi kirolariak. Lehenbizi Ados pilotako emakumeak aritu ziren, eta Oskoz eta R. Larramendik 22-15 irabazi zuten Iturriaga eta Orbegozoren kontra. Ondotik Aspen jokatutako jokalarien txanda izan zen, Titin III. eta Merino I. garaile izan ziren Mikel Goñi eta Barriolaren kontra, 22-18ko markagailuarekin.

Partiden ondotik, Tukutuku txarangak alaitu zuen frontoitik Elbeteko plazarainoko bidea, eta hainbat kontzertu izan ziren bertan. Joana eta Olaiak osatutako bikote baztandarra, Bisaiak taldea eta Olaia Inziarte oronoztarra izan ziren oholtzaren gainean, eta plaza jendez lepo bete zuten. Akitzeko bingoa izan zuten, eta Ventura eta J&J DJek girotu zuten gaualdia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun