Azaldu duenez, «bisitariek aunitzetan egun batzuk pasatzen dituzte hemen eta ez dira bertako ohitura, hizkuntza eta naturaz ohartzen ere. Gure helburua bisitariak bertako bizimoduan sakonaraztea da, gehiago ulertu eta ikas dezaten». Baina ibilaldiak ez dira kanpokoendako bakarrik; «ekintzak hemengo jendearendako izatea ere nahi dugu. Adibidez, Iruritako Dorrean ere bisitak egiten ditugu eta bertakoei ere interesatzen zaie».
Jendearen aldetik erantzun ona izan du proiektuak: «lanbide hau hautatzean hemen bizi eta lan egitearen aldeko apustua egin nuen, eta orain arte lortu dut, beraz, posible da. Sasoiaren arabera lan gehiago izaten da, udaberritik udazkenera, eta neguan atseden hartu eta hurrengo denboraldirako prestakuntzak egiten ditut. Nire helburua bete dut eta kontent nago».