'Kolapsoa' antzerkia taularatuko dute igandean Iruritan

Ttipi-Ttapa

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak programan sortutako Kolapsoa helduendako antzezlana aurkeztuko dute irailaren 27an Jon Ander Urrestik eta Matxalen de Pedrok. Gizarte Bilgunean 19:00etan izanen da hitzordua, sartzea debalde.

Sinospia

Publizitate agentzia honetako hiru kideak edozer saltzeko kapaz dira. Den-dena, baita behar ez duzuna ere. Batik bat, behar ez duzuna.

Despistatuz gero, bi buruko koilara bat salduko dizute, horrela azkarrago bazkalduko duzula esatearekin batera. Edo ohe birakari bat, zure estresa gauero zentrifugatuko duena. Edozer. Txakurrentzako katiuskak eta arbolentzako aterkiak. Hauen kanpaina baten ondotik, Arabar Errioxan ardo urdina eskatzera iritsi zen jendea.

Azken orduko eskaera batek, ordea, hankaz gora jarriko du agentzia. Gauza bakar bat saltzea lortu behar dute: gehiago ez erosteko gogoa.

Turbo kapitalismoak sinetsarazi digu urtero eros dezakegula mugikor berria, udaberri eta udazkenero arropa berria eta astebururo, eskapadatxoak egin. Munduak berdin jarraituko duela, ez dela beldurrik izan behar, ez dagoela mugarik, eta, mugak daudenean, ez direla gure ardura. Bizi ezazu momentua leloaren bertsiorik kutreena erosi diegu, eta, pixkanaka, ahaztu egin dugu zoriontsu bizitzeko ez dugula horrenbeste su artifizial behar. Zenbat behar dugu? Edo, agian, zer behar dugun galdetu behar diogu gure buruari?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun