Maria Txibite Nafarroako lehendakariak agerraldia egin zuen atzo parlamentuko saioan, Belateko tuneleko lanen egoeraz mintzatzeko. Obrak egiten ari diren enpresek justifikatu gabeko 8,5 milioi euroko gainkostua aurkeztu ondotik, Txibitek azaldu zuen «lanek ezin duteta aitzinera segitu baldintza hauetan». Hori dela eta, bertan behera utziko dute kontratua orain arte aritu diren enpresekin eta lanak akitzeko lizitaziora aterako dituzte berriz ere obrak. «Bistan da hau ez zela hasierako plana, baina aukera bideragarri bakarra da orain».
2024ko urte hasmentan abiatu zuten Belateko tuneleko bikoizketa eta Acciona Construcción SA, Excavaciones Fermín Osés SL eta Servinabar 2000 SL enpresei esleitu zizkieten lanak. Guztira 75 milioi euroko aurrekontua dute obrek: orain arte lanen % 52 egin dute, hau da, 38.041.685 euro ordaindu dituzte, eta % 48 (36.402.200 euro) falta da egiteko. Zehazki, zorua zulatu behar da oraindik eta tunel barneko zerbitzuak sortu.
2028ko ekainaren 30erako martxan egon beharko lukete
Data hori ez du zuzenean Bruselak ezarri, Espainiako Gobernuak baizik, eta data hori ezarri zuenean, jada mugaeguneratuta zeuden epe batzuk betetzeko. Bi tunelak N-121-A errepidean daude eta Nafarroakoak dira. Europa barneko Errepide Sarearen (TEN-T) parte dira, eta 2004/54/EE Zuzentarauaren mende daude. Zuzentarau horrek guttieneko segurtasun baldintzak ezartzen ditu sare horretako tuneletarako. Gobernu zentralak berak berariaz aitortzen du Belateko eta Almandozko tunelak araudi hori betetzen ez duten Espainiako tunelen artean daudela.
Zer gertatzen da tunelak garaiz akitzen ez badira?