[IRITZIA] Negar malkoak II

Ttipi-Ttapa 2026ko irailaren 1a

Oporrak bakean programaren bidez, Saharaztango harrera ama izan da aurtengo udan ere Arantxa Gamio. Uda hasmentan, programa abiatzean gutuna idatzi zuen, eta orain bigarren zatia partekatu du, haurrak Sahararat bueltatu berritan.

Furgoneta jendez, emozioz, jakiz, opariz beteta goaz… baina begietatik amari, aitari, haurrei malkoak ateratzen zaizkigu, husten ari gara.

Elkarrekin pasako ditugun azken 45 minutuak direla jakitun gara.

Pentsamenduak eta sentimenduak dantzan, saltoka, jira biraka!

Azken 48 egun hauetan bizi, ikasi, partekatu, pentsatu, gozatutakoez oroitzen ari gara; norbere barne munduetan murgildurik gaude.

Isiltasuna nagusi da.

Bortz uda hauetako egonaldia egin duzu gure etxean, familian, lagunartean, herrian, bizimoduan, ospakizunetan, ohituretan, hizkuntzan,… eta azkena dagoeneko akitzen ari da.

Haurra zara, nerabe izateko bidean zaude eta badakizu hau akitzen ari dela. Betiko akitzen.

Argi duzu «paperik ez duzula» honat, gurera, berriz itzultzeko. Dagoeneko ikasi duzu zure herriko banderari koloreen ordena aldatzen diozuela zuen zapalkuntza egoera salatzeko.

Orkoiengo eskola publikoaren atarian gara; gure helmugara ailegatu gara.

Busean sartu eta aireportura joan arteko denbora tartea izanen dugu zuri adio errateko, eskuekin, malkoekin, behatz keinuekin agurtu gara.

Abiatu zarete. Saharar herria errefuxiaturik dagoen kanpamenduak dituzue helmuga. Sei ordu inguruko bidaia fisikoa eta zuen bizitzetan orbana utziko duen bidaia emozionala.

Gure etxerako itzulera negar malko artean egiten ari gara. Solas eta isiltasun tarteak partekatuz.

Kantuak dio «etorri etorri gugana, gu hemen izango gara, etorri etorri gugana, zu zara hemen falta den bakarra».

Aurtengo esperientzia, furgoneta barneko zure negar malkoekin hasi genuen. Gu pozik ginen, gogotsu, aitzinetik genuen udaz zurekin gozatu nahian. Eta orain ere furgonetan gara,  etxerako bidean, gureak dira malkoak, gureak bustirik dauden begiak.

Aurreikusi gabeko esperientzia izan da Oporrak Bakean egitasmoan parte hartzea. Pertsona, ama eta familia bizipenak aunitz izan ditut.

Etxean gara. Aurtengoa guretako eta zuretako akitu da, eta programa ere betiko akitu zaigu.

Hurrengo egun eta orduak oroitzapenen joan-etorrian pasako ditugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun