Leihotik begiratu eta xuri-gorriz jantzitako jendea, errepidea obretan, biribilgunedun errepide gorabeheratsuak,… ikusten ditut.
Nire barnera begiratu eta gibelean utzitako ama, anai-arrebak, aita eta familiakoak ikusten ditut. Hurrengo egunak, asteak, hilabeteak 40ºCtik goitiko tenperaturekin, arras goitikoekin, sufritzen pasako dituzte. Kotxeko aire egokituarekin, bizitokian utzitako neberaren freskuraz oroitu naiz; bidaia egin bitartean gelditu gabe martxan egon dena. Gurean, aldiz, argia moztean hozkailua epeldu eta barneko jateko pixarrak hondatzen zaizkigu. Edateko ur freskoa hartzerakoan, barrenak freskatu eta zer zortedun naizen konturatu naiz. Gurean ura ez baita ez freskoa, ezta edangarria ere. Fruta gozoa eskaintzerakoan, oroitu naiz gure haiman jandakoez, nola garesti ordainduak izaten diren eta nolako ondorio garestiak uzten dizkiguten, beroagatik segidan egoera kaltegarrian jandako frutak izaten baitira, bai niri eta bai nire senideei tripako minak eragiten dizkigutenak. Kotxean denbora bat daramagu eta tripak hegazkineko hegaldian bezala, mugitzen hasi zaizkit, zerbait dator barneko erraietatik goiti. Janaria ote? Tristura ote? Urduritasuna ote? Nekea ote? Burua poltsara hurbildu eta nire barrenak hustu ditut. Hutsak ziren. Orduak baitaramazkit ja jan gabe. Atseden hartu dut. Nire bigarren familiaren etxera, herrira ailegatzen ari naiz. Beraiena da. Beraienean daude. Ni, ordea, sortuz geroztik, errefuxiatu kanpamendu batean bizi naiz, 11 urte daramazkit han. Eta orduantxe negar malkoak atera zaizkit: zenbat denbora gehiago biziraun beharko dut eta dugu hamada horretan? Zergatik ni bezalako haur aunitz Oporrak Bakean programatik kanpo gelditu dira? Zergatik ezin izanen dut igerilekuko bainuez nire anai-arreba, ama eta aitarekin batera, elkarrekin, gozatu?