Bestak 2026

«Alkatea icebergaren punta baino ez da, ikusten ez den lantalde handia du gibelean»

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 12a

Gaizka OTEIZA MIGELTORENA, Oronozko alkate juratua.

Aitari erreleboa hartuz, joan den urtean hartu zuen herriko alkatetza: «Baztango dinamika aunitz gustatzen zait eta Batzar Nagusiaren eta alkatearen figura garrantzitsuak iruditzen zaizkit. Horiei esker, herri batzarren bitartez, herriak ere hitza du udalean, alderdi politikoek bezain bertze. Arras sistema horizontala da. Hortaz, ez dakit militantziagatik edo etikagatik, nik ere probatu nahi nuen. Uste dut herritar guziok pasatu beharko genukeela horretatik».

Etxean aitaren lana ikusi badu ere, «gauza bat ikustea da eta bertzea egitea. Zenbait aferek erraza ematen dute, baina bere denbora behar dute. Beti egon behar duzu erne herrian zerbait pasatzen bada. Baina alde ona ere badu: ulertzen duzu nola funtzionatzen duen komunalen gestioak, udalak, herriak, auzolanak… polita da».

«Herritarren eskaerak udalera eramatea» da bere lan nagusia, «baita Batzar Nagusian parte hartzea eta herriko uraren gestioa ere, buruhausterik handiena herri guzietan».

Hala ere, «beti erraten dut nire izena dagoela alkate bezala, baina alkatea ez dela deus bere lan taldea gabe: administraria, kontuak eramaten dituena, frontoia kudeatzen laguntzen duena, uren aferaz arduratzen direnak, auzolanak antolatzen dituztenak… alkatea icebergaren punta baino ez da, ikusten ez den lantalde handia baita gibelean. Herriko gauzak denen artean egitean, errazagoa da dena, eta aunitz eskertzen da herritarren borondatea lan horiek egiteko orduan».

Azaldu duenez, «gaur egun Oronozen arazo handiena etxebizitzarena da. Baina ez etxebizitzak falta direlakoz, baizik eta horien gestioa negargarria delakoz. Nafarroako Gobernuak etxebizitza huts pila bat ditu herrian, lehenagoko Kamineroen Etxean eta sarrerako atea guziz hetsia duen bertze eraikin batean. Gainera, Guardia Zibilak ditugu gobernuko etxeetan bizitzen, eta beti erran dugu estatuko polizia Nafarroako Gobernuko etxeetan bizitzea lekuz kanpo ikusten dugula, ez baita haien eremua».

Horrez gain, agintaldia akitu baino lehen lan ugari dituzte: «frontoian obra ttiki batzuk egin behar ditugu, baita herritarrek eskatzen dizkiguten bideak konpondu eta mantendu ere. Orain auzolana eginen dugu, besten aitzinetik dena txukuntzeko».

Herritik eta herriarendako

Oronozko bestak gustukoak ditu eta dioenez, «herritarrak elkartzean talde polita osatzen dugu gazte eta helduen artean, eta gure arteko harreman ona nabarmenduko nuke. Gainera, bestak herritarrendako egiten ditugu, ez pentsatuz talde bereziren bat ekarriko dugula jende gehiago etortzeko. Kanpotik etortzen dena ongietorria izanen da, baina herriko bestak herrikoendako direla uste dut, hori da bere esentzia».

Etorkizunera begira, «oporrak disfrutatu nahi ditut, kirola egin, bestak ongi pasatu eta lasai egon. Bizitza bizi, lau egun dira eta bi omen lainotsu!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun