Bereziak izanen dira aurten Amaiurko bestak, Artzain Txakur Txapelketaren 50. edizioa eginen baitute. Euskal Herri mailan ezaguna bihurtu da txapelketa, eta jendetza erakartzen du urtero. Beti bezala, abuztuaren 15ean izanen da aurten Artzain Eguna; goizean, 10:00etatik aitzinera, ardi, behor eta behiak ikusteko aukera izanen da ferian, eta XXII. ardi eta ardi gasna lehiaketa eginen dute. Artzain zakurren desfilea 17:30ean eginen dute eta 18:00etan hasiko da txapelketa.
Kontent agertu da Koldo Goienetxe herritarra, hasmentatik aritu dena antolatzaile lanetan: «ez nuen uste hainbertze urtetara ailegatuko ginenik. 1976an, 19 urterekin sartu nintzen herriko juntan eta orduan hasi ginen antolatzen, eta geroztik beti segitu dut». Urteekin artzain zakur txapelketak aldatu badira ere, «hemen beti bezala egiten segitzen dugu. Adibidez, gainerako lehiaketetan eskindegiak toldoekin egiten dituzte orain, gu abarrak erabiltzen segitzen duten bakarrak gara».
Ikusleen aldetik nabarmena da Amaiurko txapelketak sortzen duen interesa: «gainerako lehiaketetan 200 lagunetara ailegatzen badira kontent, eta Amaiurren 1.000tik goiti bildu izan dira. Hori ez da bertze inon ikusten». Horrez gain, «goizeko ferian ere aise jende gehiago ibiltzen da». Izan ere, «Patxi Etxeberriarekin hasi zen fama hartzen eta Euskal Telebista ere beti hor dugu. Aurten erran beharra da ez dugula Euskal Telebistarik izanen, tenore horretan estropadak ere direlakoz. Data aldatzeko eskatuz deitu izan digute, baina ezin dugu, egun horretan Iparraldean besta baita eta jende aunitz etortzen zaigu handik».
Urteurrena ospatzeko «zerbait diferentea egin nahi genuen aurten eta betiko txapeldunak ekarriko ditugu, baita Oñatiko txapelduna ere, valentziarra dena. Goiz hartan izanen da aurtengo Bizkaiko txapelketa ere, eta Bizkaiko txapelduna (Euskadiko txapelduna ere dena) arratsaldean Amaiurrerat ailegatu ahal izateko, pixka bat gibeleratu dugu ordua». Akitzeko, «jendea animatu nahiko nuke herrira etortzera goizean eta arratsaldean, aunitz izanen da ikusteko».