Bestak 2026

«Espero dugu triatloia bestetan tradizio bihurtzea eta urteroko ohitura gisa gelditzea»

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 22a

Jaione Arnal Arrijuria, bera ere aritzen da triatloi txapelketetan konpetitzen. Argazkia: utzitakoa.

Jaione ARNAL ARRIJURIA. Bestetako triatloiaren antolatzailea.

Uztailaren 26a, Elizondoko bestetako hirugarren eguna, berrikuntzekin heldu da aurten, hain zuzen ere, kirolari espazio gehiago eskainiko dion berrikuntzekin. Izan ere, haur eta gazteen eguna da bestetako hirugarrena eta gaztetxoenek «zerbait falta» zutela ikusita, triatloia antolatu dute lehenbizikoz. «Gogotsu» daude eta, oro har, «harrera ona» izan duela kontatu digu Jaione Arnal Arrijuria antolatzaileetako batek. Are gehiago, «kontent» agertu da, eta kontent baino gehiago «motibatuta». «Motibatuta», hori izan da berak erabili duen hitza eta motibazioa agerikoa zaiola erran dezakegu guk, aste guttiren faltan, prestatzen ari diren triatloiaz gogotsu aritu baitzaigu solasean. 

38 urteko elizondoarra da Jaione Arnal Arrijuria: «Energia handikoa». Elizondon hazi eta hezia da, eta gaur egun ere herrian bertan aritzen da lanean, Giltxaurdi Udal Kirol Instalazioan. Urte batzuk dira dagoeneko Giltxaurdin dabilela: «Betitik gustatu izan zait kirola egitea eta ondotik entrenatzaile izateko goi maila ikastea erabaki nuen; sala barneko kirol saioak emateko, igeriketa saioak ere bai…Sorosle titulua ere atera nuen eta hortik aitzinera nire kontu lanean hasi nintzen. Lehenbizian autonomo gisa ibiltzen nintzen herriz herri eskualdean barna, hori utzi nuen eta Giltxaurdin hasi nintzen». Giltxaurdin hasi zenean ere, herriz herri ibiltzen segitu zuela kontatu digu: «Herriz herriko zerbitzua ematen hasi ginen, jendea herritik ez mugiarazteko polita iduritu zitzaigun ideia». Dena den, azkenean bakarrik instalaziora mugatu behar izan zituzten jarduerak eta «orain bakarrik Giltxaurdin aritzen naiz».

«Betitik saltsa anitzetan»

Kirolarekin loturan, «betitik saltsa anitzen» sartuta egon dela kontatu digu, eta maite du; maite du «kirola egitea» zein «ingurukoak hura egitera animatzea» ere bai. Bien artean zein nahiago duen aukeratzea zaila suertatuko litzaioke, baina balantzan paratuz gero, akaso bigarrenak irabaziko luke? Edo ez, berak ere ez du aukeratzeko saiakera handirik egin. Halere, balantza alde batera zein bertzera joan, argi duena da «jendea motibatzeak» motibatzen duela bera eta horretarako aproposa du lana: «Energia handia dut eta mugitzeko beharra dut, lan hau eskertzen dut». 

Bere egunerokoaz aritu da eta argitzen duenetik iluntzen duen arte, ia geldirik egoteko astirik ez duela dio, ikastaroak eta bertze, hemendik harat ibiltzen baita egun osoa: «Beti jende helduagoarekin hasten gara, arrakasta handia izan du zahartze aktibo horrek eta 65 urtetik goitiko jendearekin bi talde osatu behar izan genituen ikasturte honetan. Goizak lasaiagoak ditut, pilastes eta bertzelakoetan aritzen gara. Halere, ondotik arratsaldetan gaueko 22:00ak arte klaseak ematen ditut ia egunero: igeriketa, pilates, triatloi eskola, dantza saioak…».

«Bada jendea akaso gurera ez dela bakarrik kirola egiteagatik heldu, baizik eta etxetik ateratzeagatik, jendearekin egoteagatik…eta osasun mentalerako ongi heldu zaielako»

Gisa berean, helduekin bai, baina haur eta gazteekin ere «ikaragarri pila» gozatzen duela erran digu: «Jende artean disfrutatzen dut, sozialki behar dut jendearekin egon. Berdin zait helduak, haur ttikiak, gazteak…jendea motibatu eta rato batez gustora egotea baino ez da behar». Rato hori haize freskoa bezala sentitu dezakeelako batek: «Bada jendea akaso gurera ez dela bakarrik kirola egiteagatik heldu, baizik eta etxetik ateratzeagatik, jendearekin egoteagatik…eta osasun mentalerako ongi heldu zaielako». Sokak ez baitu korapilo bakarra eta kirolarekin osasun fisikoaz aparte, gehiago ere zaindu daitekeelako: «Uste dut osasun mentala zaintzeko jendea geroz eta kirol gehiago egiten hasi dela».

Hori horrela, jarduera fisikoa egiteko ohitura jendartean geroz eta gehiago hedatzen eta errotzen ari den heinean, kateak segitu egiten du eta ohitura belaunaldiz belaunaldi igarotzen ari dela nabaria da: «Kirola geroz eta gehiago barneratzen ari dira haurrak haien bizitza eta errutinetan». Gainera, eskaintza diferentea edukitzeak kirola egiteko gogoari mesede egin diezaioke: «Egiteko gehiago ditugu orain hemen inguruan, beti izan ditugu futbola esku pilota eta eskubaloia eta orain baditugu triatloi eskola, kirol jolasak…Hasi gara bertze kirol batzukin gehiago mugitzen eta egia erran haurrak ederki moldatzen ari dira denetara». Eta ez hori bakarrik: umeak gorputza mugitzera ohituratu diren bezala, orain gorputza mugitzea eskatiu ere egiten dutela aipatu digu; bestetan triatloia sartzea haien ideia izan zela arrazoituta. «Eskolara hurbildu eta beraiei galdetu genien ea zer nahi zuten Elizondoko bestetarako: triatloia nahi zutela erran zuten».

Baztango Triatloi Eskolako haurrak eta Jaione Arnal erdian. Argazkia: utzitakoa.

Hala eta guztiz ere, eskaera horrek badu aitzindari bat. Haurrek triatloia egin nahi izana ez da kasualidade hutsa izan; Giltxaurdin triatloi eskola martxan paratu baitzuten pasa den urrian, eta «arrakastatsua» izan baita lehen ikasturtea: 7 eta 13 urte bitarteko 14 haurrek parte hartu dute. Bidenabar, lehen aldia nola iragan den galdetuta, «arras ongi» joan dela aipatu digu Arnalek. Bera izan da irakasle eta «martxa onean» aritu dira. «Astean hiru entrenemendu izaten genituen: bat lasterka, bertzea bizikletan eta bertze bat igerian. Otsailean hasi ziren duatloiak eta gureek lasterketa pare bat egin zituzten; ekainetik aitzinera hasi dira triatloiak eta batzuk parte hartu dute dagoeneko».

Bera entrenatzaile lanetan aritu bada ere, ekimena Vitxori Juanikotenak (1991) abiarazi zuela esplikatu digu. «Vitxori izan da dena bultzatu duena eta ni beti bere ondoan».

Nor dugu Vitxori?

Vitxori Juanikotena sortzez mexikarra da, baina partez baztandarra ere bada, aita, German, elizondoarra duelako. Betitik etorri izan da Baztanera eta, gaur-gaurkoz, Sunbillan bizi da. Arnalek kontatu digunez, «laguna» du Juanikotena eta miresmenez mintzatu da beretako: «Triatleta profesionala izan da urte luzez, eta ona gainera». Bide batez, Juanikotenak Lideresas eta Amazonas programak abiarazi zituen pasa den urtean, emakumeak kirol mundura eta, kasurako, triatloiera ere hurbiltzeko asmoz. Espainiako eta Nafarroako Triatloi Federazioarekin batera martxan jarritako programa da hori; Lideresas 18 urtetik goitiko emakumeei bideratua, eta Amazonas, ordea,  17 urtetik beheitikoei. Hurrenez hurren, Juanikotenak ekimena etxera hurbildu nahi izan zuen, eta proiektu hartatik sortu zen Baztango Triatloi Eskola ere bai, Iruñeako Saltoki-Trikideak eskolarekin elkarlanean. Horrez gain, ekiena are gehiago hauspotzeko bailarako ikastexeetan barna ere ibili izan da hitzaldiak ematen eta haurrak triatloia probatzera animatzen.

Ikasturteko hondar egunean haur eta gurasoen arteko triatloia egin zuten. Argazkia: utzitakoa.

Haur zein helduekin hitzorduak antolatzen ditu eta Arnalek horietan parte hartzen duela aipatu digu arras «aberasgarriak» direla iritzita: «Lideresas ekimenean ibiltzen naiz ni, eta Baztanen bagara 33 neska hilabetean behin korrika egiteko gelditzen garenak».

Gauzak horrela, badirudi azken urtean triatloia saretzen hasia dela Baztanen eta udan ere saretzen segituko duela. Nola edo hala, besta egunetan ere kirolak «leku ona» hartu dezake Arnalen iduriko eta horrelaxe segitu du dio azalpenari: «Esku pilota izaten dugu urtero eta arrakasta izaten du, oraingoan bertze modu batean sartu dugu kirola, haurrei zuzendua gainera». 

«Jendea arras animatuta ikusten dut eta antolakuntza partetik ere arras ongi, herritarrak bolondres bezala apuntatu dira laguntzeko eta arras polita geldituko dela uste dut»

Egitasmoa adin guzietakoek parte hartu ahal izateko antolatu dute eta aitzindu duenez, «jende anitz apuntatzen ari da, eskolan ez daudenak ere bai. Azkenekoz begiratu nuenean 52 ziren izena eman zutenak eta gehiago espero ditugu». Parte hartzaile guziei segurua eginen dietela jakinarazi du eta probak «ahalik eta hobekien» egokitzen saiatu direla gaineratu du. Bertzetik, herritarren jarrera txalotzekoa dela erran digu eta ilusioa nabaria du: «Jendea arras animatuta ikusten dut eta antolakuntza partetik ere arras ongi, herritarrak bolondres bezala apuntatu dira laguntzeko eta arras polita geldituko dela uste dut».

Egitasmoa aitzinetik harrera hain ona izaten ari dela ikusita, etorkizunera begira zer nahiko lukeen galdetu diogu eta horrelaxe erantzun digu: «Espero dugu hau Elizondoko bestetan tradizio bihurtzea eta urteroko ohitura gisa gelditzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun