Txapelketa aitzaki hartuta, ohitura ongi markatua dute zenbaitzuk: Santio Egunean familia mahaiaren bueltan bildu eta bazkalondoan herri kirolak ikustera joan. Eta bide batez, herri kirolak direnean pilotalekuaren erdigunean denak kabitzen dira inguruan: haur, gazte, heldu zein etxetako helduenak ere. Txapelketaren bueltan, non gozatua badela erakutsi dute azken urteotan herri kirol arratsaldeak utzitako irudiek: pilotalekuan harmailak jendez beteta eta jende kopuru igualtsua frontoiaren bi aldeetan: ezer eta eskuinean.
«Elizondoko bestetan egin diren guzietan uste dut epaile bezala egon naizela, zenbaitetan santioak direnez familiarekin bazkaltzera joaten naiz eta ondotik pilotalekura»
Hori horrela, bertze urte batez, Santio Egunean tradizioari segida emateko aukera izanen du nahi duenak, Herriz Herriko Herri Kirol Txapelketaren kanporaketa jokatuko baita Elizondon, uztailaren 25ean 17:00etan. Eta aurtengoan, Irurita, Txantrea eta Berriozar lehiatuko dira elkarren artean. Herri kirolaz aritu nahi eta,, Angel Telletxea Urrutia baztandarrarekin egon gara. Elizondoko bestetan egun markatua du Telletxeak Santio Eguna eta herri kirol txapelketa ere ohitura egina du horrenbertze urteren ondotik. Halere, ohiturak ohitura, santiotan herri kirol arratsaldea diferente bizitzen du Telletxeak, federazioko epaile izanik, epaimahaian ibiltzen baita aspaldi: «Elizondoko bestetan egin diren guzietan uste dut epaile bezala egon naizela, zenbaitetan santioak direnez familiarekin bazkaltzera joaten naiz eta ondotik pilotalekura». Eta «gustura» ibiltzen dela dio: «Maite dut bai…, bertzela utzia izanen nuen aspaldi».
68 urte ditu Telletxeak eta sortzez Zubietakoa dela kontatu digu: «Aita Saldiaskoa nuen eta ama Zubietakoa, halere, bortz urte nituenerako Arraiozera etorriak ginen eta ez dut apenas Zubietako oroitzapenik». Arraiozen hazi eta ondotik behin ezkonduta, duela 47 urte, Elizondora etorri zen bizitzera. Elizondon bizi den arraioztarra edota Arraiozen hazia del elizondoarra? Berak nahiago izan du dena hitz bakarrera borobildu eta bere burua «baztandar» gisa hartu: «Ni baztandarra naiz peto-petoa, anitz maite dut Baztan eta arras baztandarra sentitzen naiz».
Gisa berean, herri kirol munduan, «arraioztar» gisa sartu zen eta kolore laranja berea egin zuela hasmentatik. Duela 38 urte inguru sortu zuten Arraiozko Herri Kirol Taldea, Telletxeak 30 bat urte zituenean: «Afizio gehiena futbolera nuen, Baztanen aritu nintzen urte batzuez eta ondotik Arraiozen herri kirol taldea atera behar genuela hasi ginen. Garai hartan federazioan lehendakari bezala sartua zen Joxelu Retegi eta berarekin hasi ginen Arraiozen». Gogora ekarri du Retegik bultzatuta hasi zela dena: «Bah atra bar diagu ekipua aitzeko herriz herri herri kirolian ta sokatiran ta hola», eta helabeharrez, erran eta egin horrelaxe izan zen: «Atera genuen taldea eta Arraiozkoekin sokatiran aritu nintzen hiruzpalau urtez edo». Konpetitzen hor hasi bazen ere, herri kirolak «betitik» gustuko izan dituela aipatu digu eta lehengo garaietaz oroitu da, bere aita zena gogora ekarrita: «Aita ere arras afizionatua nuen aizkorara eta gazte gaztetik eramaten nuen Tolosara apustuak eta ikustera, hortaz, afizioa ttikitatik heldu zait, etxetik».
Arraioztarrekin urte batzuez aritu zen txapelketetan eta «kontent». Alta, beretako «garai zailak» zirela esplikatu digu, eta etxeko kontuak eta bertzelakoak tarteko, utzi behar izan zuela erranez segitu dio azalpenari: «Berandu hasi ginen eta ordurako banuen familia, lan ere etxetik kanpo egiten nuen ia 21:00ak arte, ondotik entrenatzera joen beharra nuen, eta gogorra egiten zitzaidan». Ate bat hesteak, ordea, leiho bat irekitzea ekar dezake: «Uztea erabaki nuen eta handik eta hemendik gure Joxelu hor zebilen federazioan sartuta eta «Bai, behar diagu epailia, ez dauk epaileik Nafarroan..», Nik ezetz erraten nion, ezetz eta ezetz, baina badirudi arras erraza naizela konbentzitzeko eta horrela, duela 35 urte inguru hasi nintzen epaile lanetan».
«Herri kirolak hori du ona, eta harremana sanoa denean gustura ibiltzen zara. Hainbertze urtetan ez dut inoiz afera txarrik eduki; tirabirak bai, beti badirelako horrelakoak edonon, baina afera txarrik ez, eta partez hortaz segitzen dut»
Ordutik, ia gelditu gabe ibili dela dio; hasmentan Nafarroako epaile bakarrik eta, egun, Euskal Herrikoa ere bai. Urte anitz dira hortan dabilela eta «gustura» aritzen dela dio gainera, herri kirola, kirol munduan «maitagarria» dela irizten dio: «Dirurik ez den lekuan kirolak sanoak dira, badakizu, afera txarrak dirua tartetik sartzen denean ailegatzen dira. Baina herri kirolak hori ez duenez, hortxe ibiltzen gara, eta pentsatzen dut hor gaudenak hor gaudela maite dugulako». Batik bat, kirol sanoa dela erraten badu, harremanak ere sanoak direlako erraten du: «Fin batean harreman ona dugulako, e! Herri kirolak hori du ona, eta harremana sanoa denean gustura ibiltzen zara. Hainbertze urtetan ez dut inoiz afera txarrik eduki; tirabirak bai, beti badirelako horrelakoak edonon, baina afera txarrik ez, eta partez hortaz segitzen dut».
Soka muturra heldu eta tiraka hasiz gero, harreman sano horrek giro onari laguntzen diola bistakoa da, eta, honezkero, ezaguna du Telletxeak herri kirolen parte bihurtu den plaza giroa: «Giro ona izaten da Elizondoko bestetan herri kirol arratsalde horretan ere, ni epaile lanetan gustura ibiltzen naiz eta pentsatzen dut konpetitzen aritzen diren taldeak eta kirolari guziak kontent aritzen direla». Ez hori bakarrik: «Hainbertze jende elkartzen da». Eta urtero frontoia betetzen dela ikusita, bere iduriko «galdu behar ez den gauza bat da».
Ikusle afizionatuak anitz diren bezala, kirolari mordoa ere dagoela erran digu, «herri kirola momentu onean» dagoela ondorioztuz. Gauzak horrela eta urte luze hauetan ikusitakoak ikusita, mintzatu den bitartean kontent dela sumatzen da: «Beti izaten ditu bereak baina orain momentu on batean dago nire ustetan. Kirolari kopuruan anitz igan da, emakume pila bat badira gaur egun; duela urte batzuk emakumeei dagokionez apal xamar zegoen, baina orain emakume anitzdira denetan aritzen direnak: harriak goratzen, aizkoran, txingetan, sokatiran eta edozein frogetan ere. Eta nik uste dut baietz, ongi dagoela herri kirolen kontua».
Etxekoak: Telletxeak
Aritzen diren horien artean gainera, etxekoak ere baditu Telletxeak: bai semea eta baita bilobak ere. Hori horrela, aurpegiz aurpegimaiz harrapatu ohi dira plazetan: «Niretzako plazer handia da. Lehenbizi epaile seme-alabei egin nien: bai semeari eta baita alabari ere eta orain bilobei egitea ere plazer hutsa da. Arras kontent nago haiek hor aritzeaz eta urtez urte hor segitzen dutela ikusteaz». Bera epaile eta haiek lehiatzen aritzen dira, bakoitza berera, baina modu berean etxeko guziak elkarrekin: Telletxea guziak plazan. Eta erran digunez, aita gisa lehenbizi eta aitatxi gisa orain, zera saiatu da erakusten: «Nik erraten diet bakoitzak berak ahal duena egin beharra duela, ez zaiola inori eskatu behar egin ezin duena; orduan beti emateko ahal dutena eta saiatzeko ongi egiten. Galdu edo irabazi? Hemen denek nahi dugu irabazi, baina betek irabazteko bertze batek beharra du galdu, orduan, galtzen ere jakin beharra dela. Erraten diet ez pentsatzeko bakarrik irabazten eta irabazten, parte hartzea ere zapela kentzekoa dela».
Aurtengo santioiei begira, «pentsatzen dut Elizondon epaile ariko naizela, orain arte urtero aritu bainaiz, halere, oraino ez dakit, federaziotik igortzen baitiigute hori». Hala izanez gero, Arraioz kanporaketarako sailkatu ez izanagatik, ez ditu etxekoak plaza barnean edukiko. Halere, mahaiaren bueltan bilduko direla ziurtatu digu: «Bestak gehein bat familia giroan, etxekoekin bazkari batzuk, ondotik bertze egunen batean lagunekin afariren bat». «Bestak guk dugun adinarekin orain diferente egiten ditugu, ez dira 20 urtetan bezala egiten», gaineratu du irriz. Herri kirolera bueltatuz, ia lau hamarraldi ez ditu aski izan eta «ahal duen bitartean» hortxe segituko duela ziurtatu du segurtasun osoz. «Egiten dudanaz disfrutatzen dut, egia erran».