Diseinurako grina
Diseinurako zaletasuna nondik heldu zaion galdetzean, ia kasualitatez sortu zela dirudi: «Lekarozen Batxilergoan diseinu grafikoko irakasgaia izan genuen. Klaseak hasi aitzinetik ez nekien ezta zer erran nahi zuen 'grafiko' hitzak, eta aspertu eginen nintzela pentsatzen nuen. Baino klaseetan hastean aunitz gustatu zitzaidan, sormenaren bidez arazoei konponbidea ematen ikasten genuelakoz. Nik Psikologia ikasi nahi nuen, baina orduan iritziz aldatu nuen eta Diseinu grafikoa egitea erabaki nuen».
Nafarroan ez zuen aukera handirik nahi zuena ikasteko, eta Madrilerat joatea erabaki zuen. «Nire lehengusu batek ESNE diseinu eskolan (gaur egun UDIT izena duena) ikasi zuen, eta berak eman zidan horren berri. Aukera ikusita, aunitzik pentsatu gabe joan nintzen».
«Uste baino gogorrago»
Diseinu grafikoko ikasketak «aunitz gustatu zitzaizkidan». Aitortu duenez, «uste nuela erraza izanen zela eta denbora libre aunitz izanen nuela, baina ez, arras gogorra izan zen; entregatzeko lan aunitz izaten genituen eta irakasleak arras zorrotzak ziren». Hala ere, ez da erabakiaz damutzen: «horrek lagundu ninduen diseinatzaile hobea bihurtzen».
Ikasketak akituta, «urte oso batez enpresa batean lan egiten aritu nintzen, eta orduan erabaki nuen gehiago ikasi nahi nuela, programazio aldetik batez ere». Hori dela eta, «aurten Diseinu digitala eta UX/UI (User Experience eta User Interface ingelesez) masterra egin dut. Erabaki arras ona izan da. Irakasleak eta klasekideak arras hurbilekoak izan dira eta gustura egon naiz». Orain, berriz, «praktikaldia dut eta enpresa batean hartu naute abendura arte».
Hiri handirat
Duela zazpi urte joan zen Madrilerat bizitzera eta bertan dago geroztik. Azaldu duenez, «han bizitza arras diferentea da, herri ttiki batetik hiri handi batera aldaketa handia delakoz». Hasmentan «gogorra» izan bazen ere, «urteak pasata errazago izan da», eta alde ona ere ikusi dio; «Madrilen Elizondon baino aukera gehiago ditut aisialdirako: antzerkia, zinema, inguruko herriak, kontzertuak, mendia…».
Baina, bertze aldetik, «Elizondo lasaiagoa da, dena hurbilago dago eta naturarekin dugun harremana estuagoa da». Hori dela eta, «epe luzera Nafarroara bueltatu nahiko nuke, etxetik hurbil. Badakit lan aldetik Madrilen aukera gehiago izanen ditudala diseinuarekin, baina bizi kalitatea aunitzez hobea da hemen».
Urteko egunik hoberenak
Elizondorat aukera duenean etortzen baldin bada ere, argi du santioak ez dituela deusengatik galduko: «ikaragarri gustatzen zaizkit Elizondoko bestak, niretako hoberenak dira, bertze edozein herritakoak baino hobe». Aurten ere «ahal badut lehenbiziko egunerako bueltatu nahi dut». Izan ere, «txupinazoa emozio handiz bizitzen dut eta lehenbiziko eguna denez, jendea kontent eta gogotsu egoten da». Guttien gustatzen zaion egunaz galdetzean, berriz, argi du: «azkena. Gaixoa ni momentua arras tristea eta nostalgikoa iruditzen zait eta ez naiz inoiz joaten!».
Elizondoko Besta Komisioaren lana goraipatu nahi izan du: «kristoren lana egiten dute; kide gutti baldin badira ere, beti lortzen dute besta politak antolatzea eta kontzertu onak ekartzea». Zerbait hobetzekotan, «kuadrillen arteko lehiaketa edo jokoak egitea gustatuko litzaidake, gure artean harreman gehiago izateko». Izan ere, «Elizondon kuadrillak pisu handia du eta lagun talderik gabe ez duzu deus egitekorik. Hori pixka bat haustea gustatuko litzaidake».
Kartelaren diseinua
Bestak «beti bereziak» dira Goñirendako, eta aurtengoak gehiago, iruditeria diseinatzeaz arduratu baita. «Aisha laguna komisioan dago eta aipatu nion kartela egitea ametsa izanen litzatekeela niretako, eta aurten horretarako aukera eman didate berari esker».
Kartela diseinatzeko inspirazio iturri ugari izan ditu. «Alde batetik, gainerako urtetako kartelak begiratzen hasi nintzen, orain arte zer egin den eta zer ez ikusteko. Buruhandiek beti paper handia izan dute kartelean, baina erraldoiak, agertu badira ere, protagonismo ttikiagoa izan dutela iruditzen zitzaidan».
Bertze aldetik, «ingurukoei galdetzen hasi nintzen haiendako zer diren Elizondoko bestak, eta denek erraten zuten gauza bera: elkartzeko aitzakia. Orduan neure buruari galdetu nion: non elkartzen da jendea bestetan? Erraldoien inguruan». Izan ere, «erraldoiak dauden lekuan dago besta, haiek dira beti dantzan hasten diren lehenbizikoak eta haien inguruan mugitzen da herri osoa».
Azaldu duenez, Elizondoko bi erraldoi zaharrak «elementu grafiko bezala arras indartsuak iruditzen zaizkit, eta bertze ikuspegi bat eman nahi nionez, goititik ikusita marraztu ditut. Izan ere, goititik ikusita ez dira barneko pertsonak ikusten; erraldoiek bizia hartzen dute.
Diseinua egiteko prozesua ere esplikatu du: «denbora aunitzik ez nuenez, hasieran tarte bat nuenean papera eta boligrafoa hartu eta marrazten hasten nintzen». Egindako marrazkiarekin kontent gelditu zenean, «diseinua ordenagailura pasatu eta bektorizatu egin nuen. Gero kolorea sartu nion eta azkenik letrak». Tipografia «arras inportantea da niretako, eta hainbertze aukeren artean zaila izaten da hautatzeko. Irakurtzeko erraza den zerbait nahi nuen».
Emaitzarekin «arras kontent» gelditu da: «orain arte egin ez den zerbait egin nahi nuen, desberdina eta minimalista izatea, eta uste dut lortu dudala».
Etorkizunera begira
«Momentua bizitzea» gustuko duela dio Goñik, «etorkizunean gehiegi pentsatu gabe. Oraingoz nire asmoa Madrilen lanean ongi ibiltzea eta ahal dudanetan bueltatzea da». Eta doike, «bestetan ongi pasatzea eta uda ahal bezain bertze disfrutatzea».

