Eguraldia lagun eta plaza giroan ospatu dute Baztandarren Biltzarra

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 20a

15 herriek atera zuten orga bana eta iruritarrek artile lanekin eraman zuten garaikurra. Arraioz izan zen bigarrena Aizkolegi Palazioaren bueltan eta arizkundarrak hirugarrenak Baztandik trena pasatzen zen garaiak oroituta.

Argazkiak: Juanito Barriola.

Egutegian ongi markatua zuten baztandarrek atzoko eguna, eta zenbat aste, egun eta hilabete ere igaro dituzten dena prestatzen, urteroko bilkura noiz ailegatuko zain. Eta ailegatu zen bada eguna, eguraldia lagun gainera, eta ez zuten hutsik egin; 15 herriek atera zuten orga bana eta ondotik ia 1600 lagun bildu ziren Merkatuko Plazan bazkaltzera. Halere, bertze hainbertze izan ziren hor bazkaldu ez eta ondotik ere dantzaldira hurbildu zirenak. Boneta, zapi eta koloretako jauntziz bete zituzten Merkatuko Plaza eta inguruak. Plaza giroan aniztasunean edertasuna. 

Urteroko moduz, 11:00etan abiatu zen orga apainduen desfilea Santiago karrikatik eta ohitura zaharren oroigarri bihurtu zen Elizondo. Aurten Bertan, Baztango merkatari ttikien elkartea, izan zen banderaduna eta beraiek ireki zuten desfilea. Bidea ireki eta beraien gibeletik igaro ziren hamabortz orgak, dantza taldeak, fanfarreak, gaiteroak, txistulariak,  trikitilariak... Antzerkien artean egiatik gehiago zuten batzuk eta akaso irudimenetik gehiago bertze batzuk, alta, txalotzeko modukoak denak. Iratze arrastoz gelditu zen ibilbidea, hortik pasatu zirenaren seinale eta bazkaltzeko Merkatuko Plazan egin zuten topo ia 1600 lagunek.

Bazkaria, solasaldia, sari banaketa, gaitak, mutxikoak, larrain dantzak eta ondotik erromeriak eta elektrotxaranga izan ziren entzungai.  Ederki borobildu zuten eguna, baina auzolanak segida izanen du oraino dena bildu eta txukuntzeko. Bide batez, aurtengoak akitu eta heldu den urtekoaren zain geldituko dira baztandarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun