EuskarAbentura

«Lagun aunitz egitea eta arras ongi pasatzea espero dut»

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 4a

Unai Iturralde Elizalde berroetarra.

Unai ITURRALDE ELIZALDE, Euskarabenturan dabilen Berroetako gaztea

«Sukaldean aritzea, kirola egitea eta lagunekin egotea» gustatzen zaion gaztea dela erranez aurkeztu du bere burua Unai Iturralde Elizaldek (Berroeta, 2010). 4. DBH akitu du ikasturte honetan, eta irailean, Batxilergoa egiten hasi aitzinetik, hilabete honetan, Euskarabentura izanen du begiz joa. 

Joan den ikasturtean izan zuen espedizioaren berri, «Euskarako irakasleak Euskal Herri osoan barna pasatzen zen espedizio bat bazela» kontatu zielako. «Hasmentatik» bereganatu zuen Iturralderen arreta: «Interesgarria iruditu zitzaidan, eta nire kabuz, informazio gehiago bilatzen hasi nintzen, sare sozialetan Euskarabenturako bideoak ikusten...». Aitortu duenez, «argi izan nuen joan nahi nuela». 

«Gazte aunitz apuntatzen direnez, ez nuen espero Euskarabenturan hartuko nindutenik. Arras kontent jarri nintzen»

Ez du atzendua aukeratua izan zela jakinarazi zioten eguna: «Apirilaren 22a izan zela uste dut. Mugikorra klasera eraman nuen eta egun osoa hari begira pasatu nuen. Eguerdi aldera mezua ikusi nuenean, oihuka hasi nintzen. Banekien aurkeztutako lana nahiko ongi egina nuela, baina gazte aunitz apuntatzen direnez, ez nuen espero. Arras kontent jarri nintzen».

Ametsak egia bihurtu daitezke?

Espedizioan parte hartzeko aurkeztutako lana Ametsak egia bihurtu daitezke? gaiaren inguruan egin zuen berroetarrak: «Errazena hori iruditu zitzaidan». Galdera horri erantzunez, lan literario bat sortu zuen: «Momentu txarra pasatzen ari nintzela asmatu nuen istorioan, eta irakasleak Euskarabenturara joatea ongi etorriko litzaidakeela aholkatu zidala. Apuntatu eta Euskarabenturak neure burua harrapatzen eta momentu txar hura gainditzen lagundu zidala kontatu nuen». Eta epaimahaiari lana gustatu, eta hala sartu zen jzioquitarren zerrendan. 

Euskarabenturaren helburu nagusietako bat gazteen artean euskararen erabilera sustatzea da. Horren harira, bera «lagunekin, familian eta ikastetxean euskaraz» solastatzen dela argitu du, baina «inguruan, baita nire adinekoen artean ere, gero eta erdara gehiago» sumatzen duela dio: «Hori aldatzea espero dut». Gainerakoan, Euskarabentura esperientzia gogoangarria izatea nahi du, eta «lagun aunitz egitea, Euskal Herriko bertze lekuak eta kultura gehiago ezagutzea eta arras ongi pasatzea espero dut».   

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun