«Zorrak kitatzen ditugu gaurkoan nafarrekin eta haien azpiegiturekin», horrelaxe zioen Maria Txibite Nafarroako presidenteak joan den ortziralean, ekinaren 19an, Belateko tunel berriaren sarrera eta irteera batu zituzten ekitaldian. Denera, 2.856 metro zulatu dituzte bi muturrak elkartzeko. Izan ere, «zailtasunak zailtasun», obrak akitutakoan, proiektua «lehen mailako azpiegitura» izanen dela ziurtatu zuen presidenteak.
Bere ondoan izan zituen Oscar Txibite, Lurralde Kohesiorako kontseilaria; Alicia Etxeberria, Espainiako Gobernuko ordezkaria Nafarroan; eta Maria Torres, Herri Lanen eta Azpiegituren zuzendaria. Tunel berria «errepide segurtasunerako beharrezkoa» zela aldarrikatu zuen Etxeberriak eta Txibite kontseilariak gaineratu zuenez, «obra publikoaren eta ingeniaritzaren lorpena» izan zen ortziralekoa. Halabeharrez, hilabete hauetan guzietan lanean aritu diren langile zein eragile guziendako izan zituen esker hitzak; 200 baino gehiago izan baitira horiek.
Maria Txibite, Nafarroako presidentea: «Nafarroako azpiegiturak martxan daude. Europako legediak eskatutakoa beteko dugu, lehiakortasuna irabaziko dugu eta are erakargarriagoak izango gara inbertsioak erakartzeko»
Eta nolakoa izanen da tunel berria?
Tunel berriak norabide bereko bi bide izanen ditu 3,5 metrokoa bakoitza. Horrez gain, espaloiez inguratua egonen da bi aldetatik eta metro bakarreko bazterbidea izanen du ezkerraldean eta 3 metrokoa, aldiz, eskuinaldean. Altuerari dagokionez, erdian 5,5 metro izanen ditu gorantz, eta bazterretan 2 metro.
Are gehiago, legeak eskatzen dituen zerbitzu oro beteko ditu instalazioak: suteetan beharrezko diren tresnak, komunikaziorako megafonoak, argiztapen egokiak eta gehiago ere bai.
Obrak dirauen bitartean, ingurugiroa errespetatzeko, tunelaren bi ahoetan araztegi bana martxan paratuak dituzte hondeaketetan isuritako uren hondakinak tratatzeko eta tratamendu fisiko-kimiko baten bidez, urak bere horretan ibai aldera garbi bueltatzeko.
Ortziralekoa, obra osoaren baitan aitzinera pauso bat izan zen eta Belateko tuneletatik are urrunago jarri nahi izan zuen begirada Txibite presidenteak: «Belateko bikoizketak, tunelen arteko obrek eta ondoren Almandozen egindako jarduketak agerian uzten dute Nafarroako azpiegiturak martxan daudela. Europako legediak eskatutakoa beteko dugu, lehiakortasuna irabaziko dugu eta are erakargarriagoak izango gara inbertsioak erakartzeko».