Erratzuko Ion Dufurrena kaikugilearen lana izanen da ONCE zozketaren irudia ekainaren 15eko kupoian

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 12a

Utzitakoa.

Nafarroako Gobernuko eta ONCEko ordezkariek aurkeztu zuten kupoia atzo Dufurrenaren tailerrean.

ONCE erakundeak Arte a mano (Artea eskuz) seriea abiatu du, zozketaren kupoietan hainbat lekutako artisau lanak ikusarazteko helburuarekin. Nafarroan Ion Dufurrena eskulangile erratzuarra aukeratu dute, 18 urte dituenetik kaikuak eskuz egiten dituenak, modu tradizionalean. Heldu den astelehenean, ekainaren 15ean zozketatuko den kupoiko irudia izanen da Dufurrenaren kaikua.

Atzo egin zuten aurkezpena bere tailerrean, Erratzuko Iriarte etxean bertan duena. Aurkezpenean parte hartu zuten, Dufurrenaz gain, Mikel Irujo Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak, Pablo Ezkurra Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak, Valentin Fortun ONCEko Nafarroako ordezkariak eta Pilar Herrero erakundeko Lurralde Kontseiluko lehendakariak.

Irujo kontseilariak «antzinako lanbideen ondarea bizirik mantentzen duten artisauen lanaren balioa» azpimarratu zuen, «Nafarroako aniztasun ekonomikoa, gizarte kohesioa eta errotzea bermatzen dutenak». Ezkurrak, berriz, Nafarroako eskulangintza bultzatzeko «administrazio publikoaren laguntza» nabarmendu zuen. Laguntza horiek «artisautza enpresen lehiakortasuna handitzen dute, merkaturatze sustapenaren eta produktuaren promozioaren bidez, eta langileen formazioa hobetzen dute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun