Urdazubi, Zugarramurdi eta Baztango Herri Eskoletako besta eginen dute ekainaren 13an eta aurten Erratzuren txanda izanen da. Lau aparkaleku antolatuko dituzte, eta autoak modu ordenatuan bideratuko dituzte herrira ailegatu ahala.
10:00etan hasiko da egitaraua ongietorri eta harrera ekitaldiarekin herriko plazan, eta 10:30ean abiatuko da ibilaldia. Bi ibilbide izanen dira, motza 3 kilometrorekin, haur ttiki eta karrotxoendako egokia, eta luzea 8 kilometrokoa (4,5 kilometrora laburtzeko aukerarekin). Bi ibilbideak Gorostapalorat ailegatuko dira, eta bidean Erratzuko eskolan prestatutako erakusketa izanen da ikusgai.
Gorostapaloko plazan 12:00etan magia ikuskizuna izanen da Mitzeren eskutik, baita aurpegi margotzea ere. Bertan pintxoak eta edariak salduko dituzte hamaiketakoa egiteko, eta gero herriko musikariekin eginen dute itzulera Erratzurat denak elkarrekin.
14:00etan bazkaria izanen da plazan, paella jateko edo etxetik ekartzeko aukerarekin. Edalontziak etxetik ekartzeko eskatu dute antolatzaileek, eta edariak eta postreak salgai izanen dituzte. Ondotik tonbola eginen dute.
Bazkalondoan, 15:30etik 17:30era bitarte, haurrendako josteta eta jarduerak eginen dituzte frontoian; txapa tailerra, mural pintaketa eta puzgarriak. 17:30ean, berriz, merienda izanen dute plazan eta 18:00etan Gora Musikaren emanaldia. 19:30ean Elektrotxorongoren txanda izanen da, eta bokatak jateko aukera ere emanen dute. Gainera, egun osoan argazki txokoa paratuko dute plazako belardian, oroigarri gisa argazkiak egiteko.