«Banekien Elizondon gelditzea erabakitzen banuen, arras zaila izanen zela nutrizioarekin zerikusia duen lanposturen bat lortzea»

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 7a

Miriam MITXELENA IPARRAGIRRE, Bartzelonan bizi den elizondoarra. 

«Betidanik gustatu izan zaizkit elikadura, sukaldean aritzea eta munduko platerak ezagutzea». Halaxe dio Miriam Mitxelena Iparragirre elizondoarrak. Eta afizio horri tiraka erabaki zuen Giza Nutrizioa eta Dietetikako gradua ikastea. Ikasketak akituta, nutrizionista lanean aritzeko bi aukera izan zituen Euskal Herrian.  Alde batetik, nutrizio zentro batean aritu zen: «Esperientzia ederra izan zen, lan giroa bikaina zen, eta lankideak pila bat irakatsi zidan». Eta ondotik, laborategi farmazeutiko batean; «bertze maila bateko lanpostua izan zen eta enpresa handi batean nola lan egiten den ikusteko aukera izan nuen».

«Inork kontestatzen ez zuela ikusita, Euskal Herritik kanpo lan bila hasi nintzen»

Baina akitu zitzaion. Eta halabeharrez, bertze aukeren bila hasi behar izan zuen. Otsail hasmentan, Bartzelonara joatea erabaki zuen, «neure burua etengabe ziurgabetasun eta egonkortasun faltarekin ikusten nuelako». Honela kontatu du: «Azken bi urteetan izan ditudan lan kontratuak bajak betetzeko izan dira. Kontratu motzak izan dira, eta ez nuen denbora gehiago gelditzeko aukerarik izan. Joan den urtean, azken kontratua akitu zitzaidalarik, hilabete batzuez curriculumak bidaltzen ibili nintzen. Inork kontestatzen ez zuela ikusita, Euskal Herritik kanpo lan bila hasi nintzen».

Bartzelonara

Bartzelonan lur hartu zuen. Ordurako ezaguna zuen Bartzelona, «2022an masterra egitera etorri nintzenean urte eta erdiz Bartzelonan bizi izan nintzen». Curriculumak bidalita, hantxe sortu zitzaion ikasitakoan lan egiteko aukera: «Hemengo enpresa batek elkarrizketa egin zidan, eta ondotik lanpostua eskaini». Onartu du «hasmentan duda aunitz» izan zituela «lanpostua onartu eta hiriz mugitzearen inguruan: Azken bi urteetan Elizondon bizi nintzen, eta nire bizia finkatua nuen, baina banekien lan eskaintza ez onartzea eta han [Elizondon] gelditzea erabakitzen banuen, arras zaila izanen zela nutrizioarekin zerikusia zuen lanposturen bat lortzea».

Kataluniako hiriburua segitzen du geroztik, eta «arras kontent» gainera: «Aunitz gustatzen zait nire lana. Enpresa farmazeutiko batendako ari naiz lanean, farmaziei marka honetako produktuen inguruko formazioa ematen». Laketu du dagoeneko: «Bulegoan arras giro polita dugu, jende gazte aunitz gaude hemen lanean». Lanetik kanpo beretako denbora ere hartzen du: «Arratsaldetan, lana akitu ondotik, kirola egitera joaten naiz, lagunekin gelditzen naiz, paseatzera joaten naiz… Asteburuetan, bertze plan batzuk egiteko aprobetxatzen dut: hondartzara jaitsi, herriak bisitatu, mendira joan…».

«Elizondo eta Bartzelona arras diferenteak dira, baina biak aunitz maite ditut»

Elizondo eta Bartzelona «arras diferenteak» direla dio, baina «biak aunitz maite ditut»; «Bakoitzak baditu bere alde onak eta txarrak, baina bietan arras gustura sentitzen naiz». Gaineratu duenez, «bizitzako momentu honetan hirian arras gustura nago, mundu guziko jendea ezagutzeko eta bertze zaletasunak praktikatzeko aukera dudalako. Baina Elizondon lasaitasuna eta natura horren hurbil izatea ere aunitz baloratzen dut».

Oraingoz ez du etxera bueltatzeko intentziorik Mitxelenak. Izan ere, «denbora baterako» Bartzelonan gelditzekotan da eta gerora, urrutiago jo nahi du; «Europan nutrizio kliniko arloan hainbertze aukera daude, soldatak eta nutrizionistok ditugun ardurak aise hobekiago baloratuak dira. Hemen osasun publikoan ez dugu presentziarik eta lanaldi osoan baldintza duin batzuk eskaintzen dituzten lanpostu arras guti daude». Etorkizunean, ordea, Elizondora bueltatu nahi du: «Maite ditudanak han daude: familia eta lagunak, eta hor dugun bizi kalitatea bikaina da».

Bertzalde, badaki ez dela lan aukera hobeen bila kanpora joan den bakarra; «Nire inguruan, jende gazte aunitz dago lan baldintza eta lan kontratu kaxkarrekin lanean. Bakoitzak gure erabakiak hartu ditugu gure baldintzetan oinarrituz: kanpora joan, bertze motatako lanetan hasi…». Hortik haratago, ordea, hauxe gehitu nahi izan du: «Gu kanpora joan garen bezala hainbertze pertsona etorri dira gure herrietara bertze aukera batzuen bila eta denok errespetu berdina merezi dugu».

Erlazionatuak

Lan aukeren bila atzerrira

Ttipi-Ttapa eka 06, 08:00 Mendialdea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun