Atzoko elkarretaratzean plataformak esplikatu zuen «hain denbora laburrean Baztango Osasun Zerbitzuko bi zuzendarik haien kargua utzi izateko arrazoia: Iruñetik Osasunbidea gidatzen dutenek ez dute onartzen hemen antolatzea hemengo beharren arabera, eta hemen egiten diren plangintzak ez dutela bat egiten agintean dauden metodologiarekin. Zaila izan behar du toki batean, bertako ezagutza eta beharren arabera antolakuntza egitea, gainean daudenak eragozpenak jartzen badizkie».
Horrez gain, «azkeneko osasun kontseiluan Nafarroako Iparraldeko Zuzendariordeak adierazi zuen irailean Elizondo eta Lesakaren arteko mediku plaza baten eskaintza publikoa eginen zela, Lesakarako % 60 eta Baztango % 40. Kontseilutik eskaintza gaitzetsi zen, alde batetik banaketa hori ez zelakoz erreala eta bertzetik horrelako eskaintzak ez direlakoz erakargarriak, eta norbaitek hartzen badu, ez duelako denbora aunitzik iraunen. Lehen mailako arreta medikuak 15 urte leku berean egiten baditu, gaixotasunak, ospitaleratzeak eta heriotzak modu nabarmenean murrizten dira. Beharrezkoa da baliabideak eta bitartekoak jartzea, medikuek ahalik eta gehien irauteko postu batean».
EH Bilduren Nafarroako osasun programaren aurkezpena ere izan zuten solasgai: «solasaldia argigarria izan zen, eta hainbat ondorio ateratzeko aukera eman zigun. Nafarroan dugun Osasun Foru Legea 1990ekoa da; gauza aunitz aldatu dira geroztik, teknologia, tresnak, patologiak, mugikortasuna… eta lege berriak herritarrengandik hurbilago izateko egokitzapenak egin beharko lituzke. Heldu den uztailean eramanen da proiektua Legebiltzarrera, eztabaida eta zuzenketak egiteko tartea irekiz. Zaila izanen da lege txukun eta egoki bat lortzea, baina ahaleginak egin behar dira, merezi du eta».
Azkenik, eskerrak eman dizkiete elkarretaratzeetan parte hartu duten herritar guziei eta gogoratu dute «interesa duen orok parte har dezakeela plataforman eta ongi etorria izanen dela».