Nafarroako osasun planteamendua aurkezteko mahai ingurua egin du Baztango EH Bilduk

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 29a

20 lagunek parte hartu zuten maiatzaren 25ean Arizkunenean egindako mahai inguruan.

Nafarroako Osasun Sistema Publikoari buruz mintzatu ziren Lazaro Elizalde, mediku erretiratua eta EH Bilduren osasun kontseilaritzako kidea; Julen Mitxeltorena Baztango Osasun Plataformako kidea; eta Txomin Gonzalez Martinez, legebiltzarkidea. Aitzol Iturbek gidatu zuen saioa.

«Osasun sistemak egun dauzkan hutsuneen eta eraginkortasuna hobetzeko beharko liratekeenen inguruan» aritu ziren, hausnarketa hauek bilduz:

  • «Beti hobetu daitekeen arren, egun Nafarroako Osasun Sistemak daukan aurrekontuarekin aise sistema eraginkorragoa osatu daiteke. Egun, ospitaleek, zeintzuek osasun beharren ehuneko txiki bat asetzen duten, aurrekontuaren zatirik handiena eramaten dute. Aldiz, lehen arretak jasotzen duen aurrekontua ttikiegia da».
  • «Eraginkortasunean sartuta, eraikin eta ekipamendu garestiak ordu gehiagoz erabili behar dira. Ospitaleetan lau edo bortz miloi balio dituzten makinak daude. Hauek astean 35 orduz soilik erabiltzea ez da zentzuzkoa. Ezta bertze anbulatorio eta baliabide aunitz ere. Arratsaldez eta asteburuetan zerbitzu batzuk eman beharko lirateke. Hori langileekin adostu beharko da, baina langileek zerbitzuarekiko konpromisoa erakutsi beharko dute».
  • «Gaixotasunaren konpontzean zentratutako sistema bat baino, osasuna modu integralean zaintzen duen sistema bat behar dugu. Batetik, bizi baldintza duinak bermatzen dituen gizarte bat, hori baita osasun egoera on bat izateko lehenbiziko baldintza. Bertzetik, prebentzioan eta hurbileko arretan zentratzen den sistema oso bat».
  • «Horretarako, osasun sistema herritarrengana hurbildu behar da».
  • «Horretaz gain, gizartearen eta osasun sistemako langileen parte hartze aktibo eta jarraitua sustatu behar da. Erabiltzaileak eta langileak dira beharrak eta funtzionamendua hobekien ezagutzen dituztenak. Hau tokian toki egin behar da, eta eskala handiago batean, baita Nafarroa mailan ere: sindikatu, gizarte eragile, alderdi eta abarrek osatutako mahaien bidez».
  • «Osasun sistemaren funtsa herritarrei zerbitzu egokia ematea da».
  • «Interes pribatuak daude osasun sistema publikoa hondatzeko. Interes horiek kanpoko korporazioek defendatzen dituzte, baina Osasunbidea barruan ere badira pertsonak sistema publikoa nahita txartzen dutenak, herritarrek pribatura joateko bidea egin dezaten».
  • «Baztango Osasun Kontseilua martxan da eta bertan parte hartzen dute herritarrek ere. Bertara etortzen den Nafarroako Gobernuko kideak bertze planeta batean dagoela ematen du».
  • «Medikuen sindikatuak deitutako grebarekin ez dugu bat egiten. Osasun publikoa defendatzeaz ari dira, baina beraien aldarrikapen nagusiak ekonomikoak eta estatutu propioa izatearen aldekoak dira. Ez dute deus aipatzen esklusibotasunaz, eta medikuei estatutu propioa ezartzeak langileen arteko zatiketa dakar. Langileen arteko zatiketak erraztu baino ez ditu egiten pribatizaziorako aukerak».
  • «Oro har, Nafarroako Osasun Sistema Publikoak oinarri sendoak ditu. Badago buelta emateko aukera, hainbat eta hainbat plan on daude dagoeneko diseinatuak, baina gestio eta antolaketa parte hartzaileago eta eraginkorragoa behar da».
  • «Dagoeneko hiru hamarkada pasa dauzkan Nafarroako Osasun Legea berritzekoa dela eta, Gobernuak lege proposamena orain aurkeztuko dio parlamentuari. Baina lege hori onartu eta osatu arte denbora pasako da. Lege horren ondorioak ez dira nabarituko beste urte bete edo bitan».
  • «EHBilduk ez du legea bere horretan babestea aurreikusten. 4 gairen inguruan kezka handiak dauzkagulako:
    • Legean lankidetza publiko-pribatuaz mintzatzen da, baina ez da tresnarik ezartzen horren kontrol eraginkor baterako.
    • Osasun sistema publikoaz solastatzean, sistema osoaz aritu behar dugu: zerbitzu zuzena emateaz; ospitaleetako elikagai horniketaz; teknologia eta informatika horniketaz; langileek jasotzen duten formazioaz... Gaur egun atal hauetako aunitz enpresa pribatuen esku daude.
    • Herritarren eta gizarte eragileen parte hartzea, iritzia ematetik haragokoa, erabakitzailea, sustatu eta bermatu behar du, eta egungo testuak, ez du egiten.
    • Langileen parte hartzea sustatzeari dagokionez, ez dio behar adinako indarrik ematen».

Horiez gain, «landa eremuetako arretaz, langileen antolamendu xeheaz, euskaraz artatua izateko eskubideaz, lege proposamenaren gainontzeko atalez, osasun eremu bakarraz eta bertze hainbat kontuz» aritu ziren solaskideak. Galdera erantzunetarako tartea ere egon zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun