Agerraldian azaldu zutenez, «errepideko sarrera funtsezkoa da auzoko barrideendako, oinarrizko behar eta zerbitzu guziak Mendiolatik kanpo daudelakoz. Lotura segurua eta egokia mantentzea ezinbertzekoa da bertakoen egunerokoan. Gaur egun, auzoko 12 etxalde eta etxebizitzetan bizi da jendea eta abeltzain, auzotar eta familia ugarik erabiltzen dute sarbidea, baita anbulantziek, suhiltzaileek eta bertzelako larrialdi zerbitzuek ere».
Baztango Udaleko Florentino Goñi zinegotzia, Beatriz Etxeberria Almandozko alkatea, Pello Sarratea karguduna eta Mendiolako Komisioa (Rafael Agerrek, Maider Atxak eta Alazne Agerrek osatua) Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiarekin bildu ziren otsailean, herritarren kezka mahaigaineratu eta alternatibak aztertzeko. Gaur gaurkoz, «erantzunik gabe segitzen dugu».
Adieraz dutenez, «Belate eta Almandozko tunelena bezalako lan handi batek konponbide teknikoak eskaini behar ditu, bideko segurtasuna eta auzo kaltetuen konektibitatea bermatzeko. Gainera, egungo proiektua hobetu dezaketen alternatiba ugari daudela uste dugu, kostu apalagoa izanen zituztenak ere».
«Kontraesana» deritzote «N-121-A errepidea hobetzeko inbertsio inportanteak egiten diren bitartean, Mendiolako sarbidea eta gure herrien arteko loturak kaltetuak izatea. Lurralde kohesioa eta pertsonen arteko komunikazioa hobetu beharrean, egoera honek pauso bat gibelera ematen du, eta epe luzera auzoaren despopulatzea ekar dezake».
Azkenik, gogoratu dute lanek «eskualdeko ingurune naturalaren okupazio larria suposatuko dutela, horrek dakarren ingurumen inpaktuarekin eta eragin bisual eta sozioekonomikoarekin. Gure behar eta aldarrikapenak adituak ez diren bitartean, Mendiolako auzotarrok sufrituko ditugu proiektuaren ondorioak».
Hori dela eta, «proiektua berrikustea eta konponbideak bilatzea» eskatu diote Nafarroako Gobernuari, «Mendiolara sarbide duin, seguru eta jasangarria bat bermatzeko».