Bestak gustuko ditu eta aitortu duenez, «Iruritako bestak baino lehen Iruritako garagardo besta ezagutu nuen». Hala ere, «Irurita beti izan da nire herriko bestetako egutegiari hasiera eman izan dion herria. Jendearen berotasunak eta besten inguruan egiten den elkarlanak egiten ditu berezi. Izugarria da jendea nola lotzen den, eta lan horrek ekartzen digu bestetan hainbertze gozatzeko aukera». Noski, sorterriko sanferminak ere gustuko ditu Etxartek, «eta Iruritan zein Lesakan, bezperako egunarekin gelditzen naiz. Hala ere, ezin ditut aipatu gabe utzi Lesakako peñen eguna eta Iruritako zikiro eguna!».
Erraldoiekin dantzan
Duela bortz urte inguru hasi zen erraldoiekin ibiltzen Etxarte, «partaideak behar zituztelako. Gaur egun gustuko dut dantzan ibiltzea».
Historia laburra du Iruritako konpartsak: «pandemiaren aitzinetik bertze herrietatik etorri ziren erraldoiek sorrarazi zuten taldea. Lehenbiziko bisitariak Etxalartik etorri ziren». 2022an, berriz, Pedro eta Rosario sortu ziren, Iruritako lehen erraldoiak. «Antzina herriko ferratzaile ziren familia batean oinarritua» dago erraldoi bikotea. Gaur egun zortzi lagun inguruk parte hartzen dute, «pixkanaka jendea erretiratuz doa baina zorionez gazteek interesa paratu dute eta gogotsu dabiltza». Hortaz, historia motza izanagatik, etorkizun handia du Iruritako konpartsak.
Urtero ateratzen dira herriko bestetan, eta horretarako «hilabete bat lehenago hasten gara astean behin elkartzen entseatzeko. Beti zerbait gelditzen zaigu berde samar, eta azkeneko astean entseguak areagotzen ditugu». Besta egunetan egunero ateratzen dira, «eguraldiak uzten badigu behintzat». Aurten ere ateratzeko gogotsu daude: «gogoa ez zaigu inoiz falta!».
Azaldu duenez, konpartsarekin «haurrak» izaten dira protagonista nagusiak. «Hala ere, zenbaitetan helduen begietatik malkoak atera izan ohi ditugu. Malko horiek dira ni betetzen nautenak, zerbait ongi egin denaren seinale».
Herriko bestetatik kanpo, «erraldoien topaketetan parte hartzen dugu eta inguruko herrietan ere laguntzen dugu. Hagitz ongi zaintzen gaituzte denetan, baina bat aipatzekotan, hasieratik gugan konfiantza azaldu duen herria Larraintzar izan da».
Azkenik, «jende gehiago animatu nahiko genuke konpartsan parte hartzera, neskak zein mutilak. Eta gurekin ez daudenek nahi izanen zuten bezala, denek bestak ongi pasatzea espero dugu. Gora Iruritako bestak!».
