Horretarako ekipamendu osoa du, kiroleko materialetik soinu ekiporaino, eta lan talde zabala du gibeletik, «maila guzietako kirolariekin eta egin behar dugun jardueraren arabera aukeratuak».
Erakustaldi gehienak Euskal Herrian egiten badituzte ere, «kanpora ere joaten gara, joan den urtean Tarragonan eta Alacanten izan ginen, eta aurten ere Huesca eta Katalunia alderat joanen gara». Jendearen erantzunarekin «arras kontent» agertu da, «eskerrak eman nahi dizkiet gurekin kontatu duten guziei eta probatzera eta parte hartzera animatzen ditut guziak».
Horrez gain, «etxean ere bisitak egiten hasteko asmoa dut. Aurtengo udan martxan izatea espero dut eta bisitariei probatzeko aukera eman nahi diet; erakustaldi ttiki bat eginen dut lehenik eta gero haiek parte hartuko dute aizkorarekin, trontzarekin, txingak, sokatiran… Bertako jendearendako eta turistendako interesgarria izaten ahal dela uste dut, Baztanen ez baita hainbertze jende aritzen herri kiroletan eta aizkoran ere gutti gara. Gainera, Zigan bisitariek ez dute jarduerak egiteko aukera handirik».